Herri baratzak aurten erabiltzeko izena eman behar da udaletxean

Herri baratza./
Herri baratza.

Datorren astelehena, hilak 15, izango da apuntatzeko azken eguna. 12:00etan amaituko da epea

DV LAZKAO.

Agauntza ibaiaren meandroan, Zubierreka inguruan, berrogeita hamar metro karratuko hogeita hamar baratza daude, ur hornidurarekin eta bertan lan egiteko tresna haundienak gordetzeko edukiontziekin; itsasontzietan erabiltzen diren edukiontzi birziklatuak dira, ibaiaren natur ibilbidea babesteko eraikitako bi muinoen azpian kokatuak. Erabiltzaileek arropa, haziak edo tresna txikiak gordetzeko armairuak ere aurkituko dituzte bertan.

Duela urte pare bat jarri ziren martxan, eta egun hauetan amaituko zaie azken erabiltzaileei hauek lantzeko epea. Udalak deialdi berria ireki du, 2018an baratzeak erabili nahi dituenak aukera izan dezan, eta datorren astelehena izango da eskaerak aurkezteko azken eguna. 2017an herri baratzeetako erabiltzaile izan direnek ere berriro izena eman behar dute, aurten baratzak erabiltzen jarraitu nahi izanez gero.

Beste baldintza batzuen artean, Lazkaon erroldatua egotea eskatzen da, Udalarekiko zerga-betebehar eta gainerakoen ordainketetan egunean egotea eta famili berdieko beste inor herri baratza publiko batetako erabiltzaile edo eskataile ez izatea. Gainera, eskatzaileak edo familia-unitate berdineko beste kide batek ezingo du inon izaera landatarreko lursailen jabe, gozamendun edo maizter izan, baldin eta hauek nekazaritza-jarduerarako egokiak badira.

Izena emateko herritarrek eskabide ofiziala bete beharko dute (udaletxean eskatu daiteke edo www.lazkao.eus web gunean) eta udaletxean aurkeztu. Astelehena izango da, urtarrilak 15, horretarako azken eguna. Nortasun agiria eraman behar da, edo ordezko agiri legala, eta aipatutako baldintzak (araudiko 10. artikulukoak) betetzen direla dioten agiriak edo zinpeko aitorpena. Eguerdiko 12:00etan amaituko da eskaerak aurkezteko epea.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos