Herensugearen jaitsierarekin hasi ziren Irurako Sanmielak

Herensugea kanpandorretik jaitsi zen jaiei hasiera emateko. Asintxiok bota zuen txupinazoa babes zibileko taldearen izenean. Gazteak festan.

NÚÑEZ IRURA.

Atzo arratsaldean eman zitzaien Irurako San Migel jaiei hasiera herensugearen jaitsierarekin. Aurten babes zibileko taldeko kideek bota zuten txupinazoa. Egun taldea osatzen duten bederatzi kideek parte hartu zuten txupinazoan: Jose Luis, Xabier, Antxon, Joxi, Jokin, Jose Luis, Jose, Asintxio eta Mikel. Asintxio irakurri zuen pregoia, eskerrak eman zizkien jai batzordeari beraiez gogoratzeagatik eta guztiak taldean parte hartzera gonbidatu zituen. Ondoren, buruhandi eta erraldoiak kalejira egin zuten herrian zehar Loatzo musika eskolako txistulariekin eta trikitilariekin. Haurrek ederki pasa zuten buruhandiei zirikatu eta aurretik korrika eginez.

Haurren eta gazteen eguna

Gaur larunbata, haurrek eta gazteek beren eguna izango dute San Migel jaietan. Goizeko 9:00etan hasiko da gazte festa San Migel plazatik eta herrian zehar dantzan arituko dira bazkalordura arte. Gainera, goizez zein arratsaldez haur-parkea izango da garbilekuko plazan. Goizean 11:00etatik 13:00era eta arratsaldean 16:00etatik 19:00etara egongo da irekita. Eguerdian, berriz, patata-tortilla lehiaketa antolatuko da haurrentzat. 2004 eta 2010 urteen arteko haurrek parte hartu ahal izango dute plazan bertan eginez tortilla.

Ondoren, 13:00etan gazteek dantza-soka eskainiko dute plazan. Aurten mutilek dantzatuko dute. 14:00etan haurren bazkaria izango da plazan eta 14:30ean bikoteena Aizpurua jatetxean eta gazteena Share elkartean. Jai batzordeak haurrei bazkarira mozorrotuta joatera gonbidatzen die eta ondoren egingo den desfilean parte hartzera.

Arratsaldeko 18:00etan bertso saioa egingo da elizan. Andoni Egaña, Maialen Arzallus, Unai Mendizabal eta Eli Pagola bertsolariek parte hartuko dute, gai jartzailea Amaia Agirre izango da. Ordu berean poteo musikatua egingo da gazte festako taldearekin eta 19:00etan buruhandiak aterako dira San Migel plazara. Gaueko 21:00etan gazteek afaria egingo dute eta 23:00etan Iratzar taldearen dantzaldiak emango dio amaiera egunari. Gainera, 00:30etik aurrera Errekalde tabernan Stepi Selektah taldeak reggae dancehall kontzertua eskainiko du.

Fotos

Vídeos