Haurrentzako Gabonetarako ekitaldietan izena emateko azken eguna izango da bihar

Loatzo musika eskolako ikasleek Eguberrietako emanaldi berezia eskainiko dute biharAntzerki tailerrerako eta Txuri Urdinera eta Kutxa Ekogunera egingo diren irteetarako eman behar da izena

NÚÑEZ ANOETA.

Anoetako Udalak egitarau berezia antolatu du Gabonetarako, haurrei zuzendua. Honen baitan antzerki tailerra eta Txuri Urdinera eta Kutxa Ekogunera irteerak izango dira. Hauetan parte hartu nahi dutenek bihar astelehenean, abenduaren 18an, dute izen emateko azken eguna, Udaletxean, liburutegian edo ikastolan.

Irteeretarako autobusa antolatzeko gutxienez 25 parte hartzailek izen eman beharko dute, plaza mugatuekin. Gutxienekoa betetzen ez bada gurasoen esku geratuko da haurrak kotxez eramateko aukera. Sarreren prezioa izen ematerakoan ordaindu beharko da kasu guztietan.

Antzerki tailerra zazpi eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzendua egongo da, abenduaren 26tik 29ra eta urtarrilaren 2tik 4ra emango dena Mikelasagasti auditorioan. Ikastaroaren prezioa 5 eurokoa da eta izen emateko garaian ordaindu beharko da.

Irteeretarako autobusa antolatzeko gutxienez 25 parte hartzailek izen eman beharko dute

Kutxa Ekoguneko haur parkera abenduaren 28an joango dira, 10:30ean aterako da autobusa farmazia aurreko geltokitik eta 13:30erako itzuliko dira. Derrigorrezkoa izango da irteera honetara galtzerdiak eramatera. Sarreraren prezioa 5 eurokoa da.

Urtero bezala, aurten ere Txuri-Urdinera irteera antolatu da. Oinaren zenbakia 26 baino handiagoa dutenak ibili ahal izango dira patinetan. Autobusa 10:30ean aterako da eta 14:30erako itzuliko da. Begiraleak egongo dira eta derrigorrezkoa izango da aldatzeko arropa eta eskularruak eramatea. Kaskoa janztea derrigorrezkoa da, etxetik eraman daiteke, bestela 1,10 euroko kostua izango du. Hamabi urtera artekoentzako sarreraren prezioa 8 eurokoa izango da eta 13 urtetik gorakoentzako 10,45 euro.

Loatzoko ikasleen emanaldia

Ohitura den bezala Loatzo musika eskolako ikasleek Eguberrietako emanaldi berezia eskainiko dute bihar, astelehenean, arratsaldean. Kontzertua arratsaldeko 18:30ean hasiko da San Juan Bataiatzailearen elizan.

Bi bilera bihar

Era berean, bihar arratsaldean bi bilera izango dira Anoetako udaletxean. 18:00etan parekidetasunaren inguruan antolatuko den neguko agendaren zirriborroa aurkeztuko da. Ondoren, 18:30ean, Euskal Jaiaren inguruko bilera izango da, datorren urteko gaia aukeratzeko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos