Haurren garapena sustatze aldera, Guraso Eskola

M.A. IBARRA.

Haur eta gazteen heziketaren-alorrean, informazio eta laguntza interesgarria eskaintzen du Ibarrako Guraso Eskolak. Prestakuntza orokorreko programa bat da, guraso guztiei zuzendua dago, eta haurren garapen egokia du hizpide. Ikastaroa hilean behin izango da, urritik maiatzera bitartean, astelehenetan, 17:30etik 19:00etara eta 19.00etatik 20:30era, bi taldetan banatuta: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako haurren gurasoak, batetik, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gurasoak, bestetik. Saioak Ana Elosegi psikologo klinikoak zuzenduko ditu.

Programaren helburuak dira seme-alaben garapenari buruzko ezagutza teorikoak lantzea, aktiboki hausnartzeko gaitasuna garatzea, sentimenduak eta bizipenak adierazi eta trukatzea, seme-alaben heziketaren inguruko zalantzak adierazteko eta argitzeko guneari bide ematea, gurasoei seme-alaben heziketari ekiteko tresnak eta estrategiak ematea, gurasoen konpromisoa areagotu seme-alaben heziketaren inguruan, eta gurasoen lana aitortu eta sostengua ematea, seme-alabak hezteko garaian bakarrik senti ez daitezen.

Ikastaroaren prezioa 65 eurokoa da, eta interesdunak ordainketa egin ahal izango du 2095 5043 94 1060024667 kontuan, izen-deiturak eta Guraso Eskola kontzeptu gisa idatzita. Izena emateko epea urriaren 2tik 11ra bitartean izango da, udaletxeko gizarte zerbitzuetan. Ordaintze agiria aurkeztu beharko da bertan, edo lehendik emailez bidali beharko da. Edozein zalantza izanez gero, 943670415 edo 943671299 telefono zenbakietara deitu ahal da.

Fotos

Vídeos