Haurren eguna gaur Larraulgo sanestebanetan

Herritar ugari gerturatu ziren hamaiketokora.
Herritar ugari gerturatu ziren hamaiketokora. / ARGAZKIAK NUÑEZ

NUÑEZ LARRAUL.

Pello Joxeperen etorrerarekin eman zitzaien ofizialki hasiera Larraulgo San Esteban jaiei. Aurten herriko Bote Luze Taldea izan zen txupinazoa botatzeko arduraduna.

Izan ere, Gipuzkoako Bote Luze Binakako Txapelketan garaipena lortu zuten atzo Iñaki Esnal, Ibai Urbieta, Andoni Urbieta, Jon Urbeita, Adrian Bengoa eta Julen Jauregik osatutako taldeak. Denboraldi honetan bigarren izan ziren Euskadiko Txapelketan eta Europako txapelketan ere parte hartu zuten, Larraul izenarekin.

Ibai Urbietak bota zuen txupinazoa, txanpain botilarekin topa egiten zuten bitartean. Segidan, goxokiak bota zituzten udaletxeko balkoitik eta Pello Joxepe jaitsi zen kanpandorretik plazara Gurdi Soinu txarangak bere abestiaren doinuak jotzen zituen bitartean.

Jaiek, hala ere, goizean izan zuten hasiera. Herritarrentzako hamaiketakoa eskaini zen meza nagusiaren ondoren Ekomuseo ondoan. Herritar ugari elkartu ziren Katillu Txulo elkarteko kideek prestatutako salda, haragi eta txorizo egosia dastatzeko.

Gaur haurren eguna

Haurrak izango dira gaur protagonista San Esteban jaietan. Gazteek haurrentzat antolatutako altxor bilaketa jokoa egingo da 11:00etan eta ondoren apar festa izango da. Jarraian, haurren bazkaria izango da. Bazkalondoren, puzgarriak izango dira adin guztientzat. 21:00etan herri afaria egingo da Herri Ostatuan. Gaueko 23:00etan Patxuko Nice taldearen kontzertua eta 01:00etan DZ.

Fotos

Vídeos