Haurrek eta gazteek giro ederrean ospatu zuten beren eguna

Fandango eta arin-arinarekin amaitu zen dantza-soka. / ARGAZKIAK NÚÑEZ

Jaiek datorren ostegunean jarraituko dute danborrada eta txistor-jatearekin

NÚÑEZ IRURA.

Eguraldia lagun, ederki pasa zuten herritarrek jaien bigarren egunean. Adin guztientzako ekitaldiak izan ziren atzokoan, nahiz eta gazteak eta haurrak izan ziren protagonista egun guztian. Goizez zein arratsaldez haurrek ederki pasa zuten garbilekuko plazan jarritako jolas-parkearekin. Txikienek nahi adina jolas egin zuten puzgarrietan eta gaztetxoentzat oreka-jokoak izan ziren.

Gainera, eguerdian patata-tortilla lehiaketa antolatu zen parte hartzaile askorekin. Guztira 27 tortilla aurkeztu ziren, hamabost A mailan, bi haur heldu baten laguntzarekin, eta hamabi B mailan, hiru gaztetxoez osatutako taldeetan. Herriko elkarte eta eragileetako arduradunek osatu zuten epaimahaia: jubilatuen elkarteko Marimi eta Mari Pazek, Marta Kultura zinegotziak, Jose Anjel Gazte Alaiak elkarteko kideak eta Ikastolatik Amaiak. A mailan Itoiz Larrartek eta Euken Tejeriak irabazi zuten Joselu Larrarteren laguntzarekin, eta B mailan Amane Tejeria eta Ibane eta Nahia Arregi izan ziren garaile.

Gazteak protagonista

Bestalde, gazteek ere beren eguna ospatu zuten. Goiz guztian kalejiran ibili ziren eta bazkaldu aurretik dantza-soka eskaini zuten plazan. Ondoren, haurrek bazkaria izan zuten elizako arkupean, gazteek Share elkartean eta ezkonduek Aizpurua jatetxean. Jaiek datorren ostegunean jarraituko dute danborrada eta txistor-jatearekin.

Fotos

Vídeos