Haurrek ederki pasa zuten euren egunean Adunan

Ederki pasa zuten uretan jaisten txikienek.
Ederki pasa zuten uretan jaisten txikienek. / NÚÑEZ

NÚÑEZ ADUNA.

Adunako haurrek eta gazteek beren eguna izan zuten atzokoan Andre Mari jaietan. Goizean zein arratsaldean puzgarriak eta jolasak izan ziren guztientzako plazan eta ederki pasa zuten nahi adina salto eta jolas eginez. Beroari aurre egiteko, gainera, ur-puzgarriak izan ziren. Bazkaria, ohitura den bezala, guztiek elkarrekin egin zuten Txulobi elkartean.

Herriko koadrillek ere beren eguna izan zuten jaietan, igandean. Egun guztian The Joselontxo's txarangak alaitu zuen giroa herrian zehar.

Aurten koadrila gazteenak izan ziren bazkarirako paella prestatzeko arduradunak. Guztiak frontoian elkartu ziren bazkaldu eta ondorengo jokoetan eta dantzaldian parte hartzeko.

Herriko helduentzako bazkaria ere izan zen. Berrogeitik gora herritar elkartu ziren Uztartza aterpetxean egindako bazkarian.

Gaur Axeri-dantza

Adunako jaiek beren egun nagusia izango dute gaur, Ama Birjinaren egunean. Goizeko 7:00etan txistulariek diana joko dute herrian zehar eta 11:00etan Meza Nagusia ospatuko da elizan. Ondoren, eguerdian, herriko haurrek dantza emanaldia eskainiko dute eta jarraian, helduek Axeri-dantza eskainiko dute. Arratsaldean, Aitor Mendiluze, Agir Laburu eta Unai Agirre bertsolariek bertso saioa eskainiko dute. Gaueko 22:30ean, Oinkari eta Hika taldeek 'Sagartu' kale-ikuskizuna eskainiko dute. Ondoren, Hesian musika taldearen kontzertua izango da.

Fotos

Vídeos