Haurrak musikazale egiteko proposamen berria Toberaren eskutik

Triki, pandero eta perkusio taldea. /
Triki, pandero eta perkusio taldea.

Musika-eskolak ume jaioberrientzat eta 12 urte arteko haurrentzat musika-laborategia irekiko du urtarrilean eta otsailean, Seguran. Zabalik dago izena emateko epea

DV GOIERRI.

2018ari berrikuntza batekin eki dio Tobera Musika-eskolak. 0-3, 4-7 eta 8-12 urte-bitarteko umeentzat eta haurrentzat musika-esperimentazioko tailer-sorta bana antolatu du, eta urtarrilean ekin die saio horiei. Musika-eskolako ikasle izan gabe ere, posible izango da bertara joatea, izan ere, musika-ezagutzak izatea ez da beharrezkoa izango. Zegamako, Segurako, Zeraingo eta Mutiloako herritarrek bezalaxe, hortik kanpokoek ere badute izena emateko aukera. Ez da oso proposamen ohikoa, eta honezkero harrera ona egin diote herritarrek, hasia baita jendea apuntatzen eta taldeak osatzen.

0 eta 3 urte-arteko umeentzat eta beren familientzat prestatutako saioak dira akaso berezienak. Umearen oinarrizko gaitasunak musikaren bitartez garatzen lagun-tzeko jarraibideak jasoko dituzte hartzaileek saio horietan, eta umeen eta beren senideen arteko lotura afektiboak sendotzekoak ere bai. 4-7 eta 8-12 urte-arteko Toberako musika-hizkuntzako ikasleek ez dute izena eman beharrik izango, baina bai hala nahi duten gainerako guztiek. Tobera Musika-eskolan ikasle diren adin horietako ikasleek automatikoki joan ahal izango dute saio hauetara, nork bere adinekoetara.

Ordubeteko launa saio emango dira 3 adin-tarteetako bakoitzerako, urtarrilean eta otsailean zehar. Esperientzia handiko profesionalak ekarriko ditu propio musika-eskolak horretarako. Psikomotrizitatea, entzumena, erritmoa, sormena, konfiantza eta musikazaletasuna dira tailer guztietan landuko diren gaitasunetako batzuk. Praktika eta partaidetza izango dira nagusi.

4-12 adinekoentzako saioak Seguran izango dira; 0-3 urtekoenak non eta noiz egin apuntatutako familien artean erabakiko da. 3 ziklo hauetakoren batean interesa duenak, tobera@tobera.org helbidera idatzi beharra dauka esanez zein adinetarako nahi duen izena eman eta izen-abizenak eta telefono-zenbakia adieraziz. Horretarako epemuga 2018ko urtarrilaren 7an jarri dute musika-eskolakoek. Informazioa nahi dutenek ere, helbide horretara bertara idatz dezakete.

Hauteskundeak

Urte berria hasita, bestalde, Zuzendaritza-batzordea berritzeko hauteskundeak egingo ditu Tobera Musika-eskolak. Etxean jaso dute bazkideek bozketa egin ahal izateko familia-hautagaien zerrenda, eta urtarrilaren 11n joan beharko dute botoa ematera Zegamako edo Segurako kultura-etxeetara 18:00-20:00 bitarte. Bina ordezkari aldatu behar dira Zegaman eta Seguran/Mutiloan. Sartuko diren kide berriak aurretik Batzordean dauden beste batzuei batuko zaizkie, eta otsailean egingo den Bazkideen Batzar Orokorrak berretsiko ditu karguan.

Kabalgata Zegaman

Azkenik, beste urte batez 1997tik, Tobera izango da Zegaman Errege Magoei ongietorria emateaz arduratuko dena. Gaur Olarandik sartuko da Errege Magoen Zamalkada, arratsaldeko 19:00etan, herriko txistulariek eta suziri-eramaileek lagunduta. Opari-gurdia ekarriko dute atzetik. Indarberrituta helduko da ekintza; 25 boluntariok lagunduko diote musika-eskolari eguna antolatzen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos