Hasi dira jaiak Ikaztegietan

Beñat Urretabizkaiak bota zuen jaien hasierako txupinazoa. Herriko trikitilari gazteak elizan eskainitako emanaldian.
Beñat Urretabizkaiak bota zuen jaien hasierako txupinazoa. Herriko trikitilari gazteak elizan eskainitako emanaldian. / ARGAZKIAK YARZA

YARZA IKAZTEGIETA.

Euriari aurre eginez eman zioten hasiera atzo San Lorentzo jaiei Ikaztegietan. Beñat Urretabizkaia, profesional mailara igo berri den herriko pilotariak bota zuen txupinazoa eta ondoren Meza Nagusia ospatu zuten Joxi Eguzkitzak eta Alfonso Olaberriak. Segidan txakolin dastaketa antolatu zen, txorizo pintxoez lagunduta eta jarraian, herriko musikari gazteek emanaldia eskaini zuten elizan. Herritarrek eliza bete zuten eta gogoz txalotu zuten saio bakoitza.

Gaur haurrak izango dira protagonista jaien bigarren egunean. Goizeko 11:30ean zinta karrera antolatuko da eta eguerditik aurrera Ibiri ganadutegiko zezentxo eta poniak egongo dira.

Ondoren, haurren bazkaria egingo da eta jolasteko denbora librea izango dute merendola ordura arte. 17:30etik aurrera bi pilota partidu jokatuko dira. Lehenengoan Olano eta Olaberria, Benavente eta Irastorzaren aurka arituko dira eta, segidan, Zubizarreta eta Arratibel, Alberdi eta Garmendiaren aurka. Jarraian Tio Teronen semeak taldeak umorezko dantza ikuskizuna eskainiko du.

21:00etan herri afaria egingo da eta 23:30ean Ansorregi eta Larrañagarekin erromeria hasiko da. Ondoren, After Lontxa izango da.

Fotos

Vídeos