Hasi dira Ander Deunaren jaiak

Eguraldi kaxkarrarekin hasi zen atzo festa, irudian heduen danborrada./
Eguraldi kaxkarrarekin hasi zen atzo festa, irudian heduen danborrada.

DV ORMAIZTEGI.

Atzo eman zitzaien hasiera Ander Deunaren jaiei eta gaur ospatuko da egun nagusia herrian egitarau honekin. 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etatik 18:30etara haurrentzako parkea jarri dute Zubipe kiroldegian. 11:30ean, Urmaiz Abesbatzak abesturiko meza nagusia, Ander Deunaren omenez eskainia.

12:00etan Udalak eskainitako hamaiketakoa, Barduliarrak elkartearen laguntzarekin, herriko enparantzan. Ordu bete geroago herri kirol jaialdia Muxika egurastokian. Aizkoran, Ugaitz Mugerza-Iñaki Azurmendi / Irati Astondoa-Alazne Etxaburua arituko dira. Harria jasotzen, Idoia Etxeberria eta Ioseba Ostolaza. Eguneko egitarauari amaiera emanez 19:00etatik aurrera kantugira Bentazaharreko Mutiko Alaiekin, Muxika egurastokiko karpatik abiatuta.

Bihar asteburuko ekintzei hasiera emanez 18:30ean Ormaiztegiko Moderno eskolako ikasleen erakustaldia izango da Muxika egurastokian. 19:30ean, zunbalain disko festa, DJ Tirapurekin, leku berean. Eguneko egitarauari amaiera emanez 23:30etik aurrera, kontzertuak txosnetan Trikimailu eta SofoKaos taldeekin.

Pintxo lehiaketa

XIX. mendeko Eleganteen V. Bilkurari lotuta egin den aurtengo Pintxo Eleganteen IV. Lehiaketako bozketaren emaitzak atzo azaldu ziren. Honenbestez, aurtengo taberna irabazlea Murua taberna izan da, 10etik 8,29ko puntuazioa lortuz. Bestalde, bozkatzaileen artean egin den zozketan, Luzio Iraeta ormaiztegiarrak lortu du Kuko jatetxeko bi lagunentzako otordua.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos