Haritz Artano, bikain moto-krosean

NÚÑEZ ANOETA.

Hamabost urte bete berri ditu Haritz Artanok irailean. Futbolean eta eskaladan aritua da baina egun batean motor baten gainean jarri zen, eta izugarri gustatu zitzaion. «11 urterekin nire gurasoek motor bat erosi zidaten, eta orduan hasi nintzen kirol hau praktikatzen». Haritzek oso garbi dauka moto-krosa zirkuitu itxietan praktikatu behar dela eta ez mendian, baina aitortzen du gipuzkoarren-tzat hori lortzea ez dela kontu erraza. «Guretzat ez dago laguntzarik, ezta zirkuiturik ere». Horregatik, Nafarroan federatzea erabaki zuen, eta hango txapelketetan lortzen ditu puntuak.

Bere lehen urtean hirugarren postua lortu zuen Nafarroako txapelketan jubenilen mailan. Bigarren urtean, kadeteetan, bigarren postua erdietsi zuen. «Aurten, nahiz eta kadeteen mailan lehiatu ahal izan, 18 urtez azpikoen mailara pasatu naiz 125 cc-ko motorrarekin. Kadete eta jubeniletan 85 cc-koarekin aritzen nintzen». Eta ozen esan dezakegu alegiarra ondo moldatzen ari dela kategoria berrian, Nafarroako txapelketan lehenengo postuan baitago. Bere ezaugarririk esanguratsuena erregulartasuna dela dio, momentuz lasterketa guztiak amaitu eta denetan lortu baititu puntuak. «Oraindik hiru urte geratzen zaizkit maila honetan, eta entrenatuz, ikasiz eta disfrutatuz emaitza hobeak lortuko ditudalakoan nago».

Aurten izen handiko zirkuituetan lehiatu da Haritz Artano, hala nola, Zaragozako Zueran eta Calatayuden. Azken horretan 18 urtez azpikoak eta beteranoak (30 urtetik gorakoak) nahasian lehiatu arren, lehenengo hamabosten artean amaitu zuen alegiarrak.

Fotos

Vídeos