Gorria ere protagonista emakumenganako indarkeriaren aurkako egunean

Giza kate 'more' batek herriko kaleak zeharkatu zituen./
Giza kate 'more' batek herriko kaleak zeharkatu zituen.

'Zapata Gorriak' instalazio artistikoaren erreplika bat egin zuten lazkaotarrek plazan

DV LAZKAO.

Azaroaren 25a emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna dela eta, hainbat ekintza gauzatu dituzte Lazkaon herriko zenbait elkarte eta eragileek hilabete osoan zehar. Azki emakume elkarteak, EH Bildu, Gazte Asanblada, Gerriko Kultur Elkartea, Ikasle abertzaleak, San Benito ikastola, Maizpide Euskaltegi-Barnetegia, Oin Arin dantza taldea eta Lazkaoko Talogileak. Larunbatean, Udalarekin bat egin zuten gainera 'Zapata Gorriak' izendatutako ekimenean eta izen bera daraman instalazio artistikoaren erreplika bat egin zuten plazan, elkarrekin.

'Zapata gorriak' arte instalazio kolektibo eta publiko bat da, lehen aldiz Mexikoko Juarez hirian Elina Chauvert artista mexikarrak egin zuena, 2009an. «Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean kontzientzia hartzeko deiadar bat da, erail edo desagertzen ari diren emakumeei elkartasuna adierazteko modu bat -diote antolatzaileek-. Gorriz margotutako zapatek emakumearen figura irudikatzen dute eta kolore gorriak heriotza; baina bata pasioa ere». Larunbatean, bizilagunek eramandako zapatak gorriz margotu zituzten lazkaotarrek, ondoren, plazan, konposaketa artistikoa osatzeko.

Baina, honez gain, goiz guztian zehar Maider Urretabizkaia margolari lazkaotarraren koadro erakusketa ere izan zen ikusgai plazako pilotalekuan, eskulan tailerra egin zuten, paparreko orratz moreak osa-tzeko, eta gazteen mahai ingurua. Amaitzeko giza kate 'more' batek herriko kaleak zeharkatu zituen, trikitilariez lagunduta, indarkeria matxistari aurre egitea denon ardura dela aldarrikatzeko.

Bihar, asteazkena, 'Azaro morea' izendatutako egitarauarekin amaitzeko, 'Emakume errepresaliatuak' izenburua daraman solasaldia izango da Gerriko txokoan, 18:30ean, Arantza Arruti, Araitz Zubimendi, Mertxe Galdos eta Olatz Dañobeitiarekin.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos