Gorostidi Harria txapelketaren edizio berria antolatu da

Iñaki Gorostidi 185 kiloko harriaren miniaturarekin. / NÚÑEZ
Iñaki Gorostidi 185 kiloko harriaren miniaturarekin. / NÚÑEZ

Harri-jasotzaile bakoitzak bost harri jaso beharko ditu eta ondoren Gostidi Harria, 185 kiloko zilindro zaharra, esku batez jasotzeko aukera izango da

NÚÑEZ ADUNA.

Datorren apirilaren 22an ospatuko da Adunan Gorostidi Harria txapelketaren XII. Jaialdia. Oraingoan ere egungo harrijasotzaile onenak elkartzeko helburuarekin, bertan izango dira Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Aimar Galagarra, Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV', Iban Ugartemendia, Xabier Peña, Josetxo Urrutia, Imanol Ilarramendi 'Kortaberri' eta Xabier Aranburu 'Guzta' harri-jasotzaileak. Peña, 23 urteko aizarnazabaldarra, izango da aurpegi berri bakarra Adunako frontoian, lehengo urtean harri-jasotzaile gazte onenaren saria irabazitakoa.

Azken urteen antzera, harri-jasotzaile bakoitzak bost harri jaso beharko ditu, bakoitzari bi jasoaldi emanez hamar minutuko denboran. Lehengo urteko harri berberak izango dira: 139 kiloko harri baldarra, 150 kiloko zilindro zaharra, 155 kiloko errektangular zaharra, 160 kiloko zilindro zaharra eta 175 kiloko zilindro zaharra.

Gainera, txapelketaren ondoren Gorostidi Harria, 185 kiloko zilindro zaharra, esku batez jasotzeko aukera izango da. Iñaki Gorostidik du errekorra, 77 kilorekin esku bakarrarekin 185 kiloko zilindroa jaso zuenean 1982 urtean. Ordutik, inork ez du marka gainditu edo berdindu. Saiatu nahi duten harri-jasotzaileek bost minutuko denbora izango dute eta lortzen duenak sari berezia eramango du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos