Goikoetxeko karobia piztuko dute bihar Elduainen

Arruti eta Urkizu alkatea karobiko goiko zuloaren ondoan. / YARZA

YARZA ELDUAIN.

Azken urteotan sei karobi, bi burdinola eta Ollokiko errota berreskuratu dituzte Elduainen Burdina taldeko kideek udalarekin elkarlanean. Bihar, larunbatean, pausu berri bat emango dute Goikoetxeko karobiaren piztutzearekin. Burdina taldeak hamar urte betetzen ditu aurten Elduainen lanean hasi zela eta urtemuga ospatzeko modu berezia izango dute.

«Karobiak, burdinolak eta errota berreskuratzea lanaren zati bat da baina orain hurrengo pausua emango dugu, egindakoa ezagutzera ematea», azaltzen du Xabier Arruti 'Txanka'-k. Bihar eguerdian elkartuko dira karobiaren inguruan. Aintzinako ohiturari jarraituz, Xabier Iturrioz apaizak emango du bedeinkapena eta ondoren bertsolariak, trikitilariak eta hamaiketakoa izango da karobia martxan jartzen duten bitartean.

Frantses estiloko karobia da Goikoetxekoa, karea karobi tradizionaletan baino errazago egitea ahalbidetzen zuena. Berreskuratutakoetatik bakarra da tradizionala, gainerakoak frantses estilokoak dira. «Tradizionaletan sei egunez egon behar bazuten prestatzen eta sei egunetan egon piztuta, frantsesean bizpahiru pertsonekin nahikoa da lanean hasteko, modu jarraian eta intermitentean lan egiteko aukera ematen baitu. Eguerdian hasi eta goizeko ordu bietarako karea ateratzen hasiko garela pentsatzen dugu», adierazten du.

Goikoetxeko zein beste karobien inguruan ez dute informazio gehiegirik. Karea erromatar garaian ere erabiltzen zuten baina hemen inguruan XVIII. mendean zabaldu ziren eta duela ehun urte inguru utzi ziren gehienak erabiltzeari, azkenekoak 1960. hamarkada inguruan piztu ziren.

Urte guzti hauetan Burdina taldea Elduaingo Udalaren laguntzarekin aritu izan da berreskurapen lanetan. Oraingoan herritik atera da karobia martxan jartzeko ideia eta herritarren artean antolatu dute biharko jaia. Asteburu osoko ekintza izango da, larunbatean piztu ondoren, igandean eguerdi aldera aterako baitute lortutako karea.

Fotos

Vídeos