Borrar
Aitor Aritzeta, Goretti Soroa, Laida Begiristain, Xabier Arrasate, Galder Guenaga eta Joxepa Madariaga aurkezpenean.
Goierri eta goierritarrak aztergai XVIII. Gerriko Ikerlan Bekan

Goierri eta goierritarrak aztergai XVIII. Gerriko Ikerlan Bekan

Irabazlea martxoaren 16an ezagutuko da eta 7.000 euroko diru laguntza jasoko du, urte beteko epean, ikerlana erabat bukatua entregatzeko Gerriko Kultur Elkarteak, Maizpide Euskaltegi-Barnetegiak eta Udalak deitu dute

DV

LAZKAO.

Sábado, 30 de diciembre 2017, 00:40

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Gerriko Ikerlan Bekaren hemezortzigarren edizioa aurkeztu dute Lazkaon, Gerriko Kultur Elkarteak, Udalak eta Maizpidek, eta Goierri eta goierritarrak izango ditu aztergai aurtengoan ere. Xabier Arrasate, Udaleko euskara zinego-tziak aurkezpenean azaldu bezala, proiektuak izango dira orain aurkeztu beharrekoak, ez ikerlan amaituak, epaimahaiak garatuko den lana aukeratzeko. Hamabost bat orrialdeko txostena entregatu behar da, ikerketa esparrua eta ikerlanerako plana zehaztuko dituena, eta kartazal itxi batean ikertzailearen edo ikertzaileen datuak, urtarrilaren 19ko 12:00etarako.

Arrasatek berak azaldu zituen aurkeztu beharreko proiektuen xehetasunak. «Beste edizioetan bezala Goierriri dagokion edozein zientzi alorretakoa izan daiteke aurkeztutako proiektuen gaia, lana beti euskaraz sortua izan behar da (ezin da itzulpen bat izan) eta originala (inon saritu edo argitaratu gabea). Aurkeztu beharreko txostena izenik gabea izan behar da eta bertan, hamabost bat orrialdeetan, proiektuaren edukia zehaztu behar da: Zein den ikerketa arloa, zein den ikerketaren interesa, zein diren helburuak, zein den plana, zein den metodologia, bibliografia... Eta zientzia gai bat izan behar denez, edukia ere ikuspegi zientifikotik zorrotz landu behar da».

Urtarrilaren 19ko 12:00ak ondoren, hiru erakunde antolatzaileek epaimahaia izendatuko dute, jaso-tzen diren ikerlan edo proiektuen arabera, eta hauek aukeratuko dute 7.000 euroko bekaren irabazlea zein den, erabakia atzera bota ezina izango delarik. Epaimahaiak proiektu bat baino gehiago diruz lagundu nahi baditu, kopuru hori guztien artean banatuko da edo hala erabakitzen badu, ikerlanen kalitatea nahikoa ez delako, ikerlan-beka eman gabe utz dezake. Martxoaren 16an ezagutaraziko du erabakia eta urtebeteko epea izango du orduan, hautatutako lanaren egileak, ikerlana erabat bukatuta entregatzeko. Bekaren irabazleari liburuan argitaratuko diote egindako lana ondoren.

Sariketatik, ikerlan bekara

1988an Maizpide Euskaltegi-Barnetegia inauguratu ondoren, ordurarte euskararen irakaskuntzan jardun zen Goierriko Euskal Eskolak sortu zuen Gerriko Ikerlan beka, «euskararen irakaskuntza, euskalduntzea eta alfabetatzea euskaltegi berriarekin bideratuta egon arren, euskararen erabileran eta euskal kulturgintzan zer egina bagenuela ikusi genuelako» azaldu zuen Joxepa Maradariagak XVIII. edizio honen aurkezpenean. Honela, 1989an, lehenengo Gerriko Idazlan Sariketa antolatzea erabaki zuten, Goierri eta goierritarrei buruzko ikerlanak argitaratzeko helburuarekin. «Hauxe izan zen Kultur Elkartearen lehen ekintza -zioen Madariagak-. Goierri eta goierritarroi buruzko liburu bilduma agitaratu nahi genuen». Lehen deialdi hartatik gaur arte 27 lan bildu dira, 24 liburutan, eta aurten argitaratuko dira azken bi deialdietako irabazleenak.

30 urteko ibilbidean, dena den, aldaketa ugari izan ditu ekimenak. Hasieran, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saila izan zuen lankide kultur elkarteak, bai epaimahaian eta baita liburuen argitalpenean; Maizpide Euskaltegia elkartu zitzaien ondoren, bigarren edizioan, eta Lazkaoko Udala azkenik, laugarrenean. Idazlan sariketa izatetik ikerlan sariketa izatera ere pasa zen, edo ikerlan bekara azken deialdietan, eta landutako gaiei dagokienean, eremua erabat zabaldu da. Lehenengo deialdian Goierriko lanbide zaharrak aztertu baziren, Goierri eta goierritarrei buruzko edozein zientzia alorretako gaiak onartzera pasa dira orain.

Azken deialdiko irabazleek, esaterako, gazteen sormen emozionalaren inguruko ikerlana egin dute. Goretti Soroa, Aitor Aritzeta eta Nekane Balluerka dira eta lehenengo biak aurtengo Goierriko Ikerlan Bekako aurkezpenean egon ziren, euren esperientzia ikertzaile berriei azaltzeko. «Oso esperientzia aberasgarria izan da guretzat -aitortu zuen Soroak- eta buruan generaman ideia gauzatzeko, aurrera eramateko, aukera eman digu bekak». Esparru zientifikoan euskarazko kalitatezko lanak aurkitzea zaila dela ere azpimarratu zuen eta Gerriko Ikerlan Beka bezalako ekimenei esker hauei bultzada bat ematen zaiela eta eskertzekoa dela.

Bekara aurkezteko zalantzak dituzten ikertzaileentzako mezua utzi nahi izan zuten gainera Soroa eta Aritzetak, ikerlari gazteak animatuz. «Erronka, ikerketa helburu edo aztertu nahi duten aldagaien bat badute, beka hau aurrera eramateko aukera polita da. Gainera, Goierri inguruko lagin zehatz bat badute buruan, beraiei ere ekarpen polita egiten zaie», agertu zuen Soroak. Ikerketa guztian zehar epaimahiko kideen babesa eta laguntza ere izan dutela gaineratu zuen Aritzetak. «Lan zorrotza egiten du epaimahaiak, baina aldi berean oso gertu izan ditugu prozesu guztian. Gizatasuna eta zorroztasuna oso ondo uztartzen dituen beka da Gerrikokoa beste ikerketa proiektu ba-tzuekin alderatuta».

Galder Guenaga ere, XVI. edizioko irabazlea, aurkezpenean izan zen eta ados agertu zen Soroa eta Aritzetak azaldutakoarekin. «Gure esperientzia oso aberasgarria izan zen -aitortu zuen- eta proiektua zorroztasunez prestatu eta aurkeztera animatuko nituzke ikertzaileak». Goizalde Hernandorekin batera irabazi zuen Gerriko Ikerkan Beka Guenagak eta egindako lana bien tesirako abiapuntua izan zela azaldu zuen. «Guk, proiektua aurkezterakoan, nahiko finduta eta aurreratuta genituen ikerlanaren zenbait ildo, baina bidean lana eraldatuz, haziz, gizenduz joan zen, tesi bihurtzeraino. Horrexegatik, dei berezi bat egingo nieke tesigintzan diardutenei, beka hau tranpolin polit bat izan daitekeelako, lanaren zati bat egiten hasteko aitzakia».

Edozein argibide behar izanez gero 943 160282 telefonora deitu daiteke, 943 887971 zenbakira fax bat bidali edo gerrikokultura@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatzi. Informazio gehiago www.maizpide.eus, www.lazkao.eus edo www.gerriko.eus orrietan ere aurki daiteke.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios