Giro onean doaz aurrera San Esteban jaiak Larraulen

Aizkoran bi korte egin behar izan zituzten itzuli bakoitzean talde bakoitzak. Talde urdineko kidea pirikailuarekin eta laranjakoa atzetik korrika. Bi taldeetako kideak trontzan.

NÚÑEZ LARRAUL.

Larraulgo herritarrak giro onean ari dira San Esteban jaiak ospatzen. Atzo goizean auto istripu baten erreskate simulakroa eskaini zuten DYAko kideek. Herritar ugari gerturatu ziren frontoira nola lan egiten duten ikusteko. Anbulan- tzia batek eta bi erreskateko anbulantziak parte hartu zuten. Amaieran, erreskateko anbulantziak barrutik ikusteko aukera izan zuten.

Arratsaldean, berriz, bi herritar taldek herri kirol erakustaldia eskaini zuten frontoian. Txingak eramaten, aizkoran, kixkiak biltzen, pirikailuarekin, trontzan zein korrika osatu behar izan zuten zirkuitua bi aldiz. Talde naranjak irabazi zuen lehen txanda, urdinak bigarrena, eta soka tiran egin zuten berdinketa haustea, urdinen aldekoa izan zena, bi tiraldiak bereganatuz. Guztiek ikusleen txaloak jaso zituzten.

Gaurko egitaraua

Gaur, igandea, sagardo dastaketarekin hasiko dute egitaraua 12:30ean. Ondoren, 13:00etan, herriko haurrek dantza emanaldia eskainiko dute eta jarraian toka txapelketa antolatuko da. Bitartean, paella prestatzen arituko dira herritarrak eta 15:00etan paella jatea izango da. Arratsaldeko 18:00etan bertso saioa izango da Amets Arzalluz, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal bertsolariekin. Gaiak herriko bertso taldeak jarriko ditu. Ondoren, Laja gaztea eta Elustondo trikitilariek alaituko dute giroa goizaldera arte.

Temas

Jaiak

Fotos

Vídeos