Giro ederrean hasi zen Olentzerotan Jakinminez

Txorientzako kabiak, bitxiak, artelanak, eta abar, ikusi ahal izan ziren. /
Txorientzako kabiak, bitxiak, artelanak, eta abar, ikusi ahal izan ziren.

YARZA ALTZO.

Igandean Altzoko bigarren azokarekin hasi zen Olentzerotan Jakinminez kultur astea. Eguraldi euritsua bazen ere, postuz beteta ireki zen azoka, hogeita hamar saltzailerekin, eta bisitariak ere ugari izan ziren.

Herriko zein bailarako hainbat artisau elkartu ziren Altzoko azokan, esnea zein jogurtak, gaztak eta bestelako esnekiak, txerrikiak, barazkiak, sagarrak, taloak, eta abar erosi ahal izan ziren, baita egurrezko jostailuak, egur-lanak, eskulanak, loreak, bitxiak edota osagarriak ere. Bisitariak gustura aritu ziren postutik postura produktu guztiak ikusiz, ekoizleekin hitz eginez eta produktuak erosiz.

Kataluniari buruzko hitzaldia

Olentzerotan Jakinminez egitarauaren baitan 'Kataluniara begira' izenburupean solasaldia eskainiko dute Estitxu Eizagirrek, Argia astekariko zuzendariak, eta Martxelo Otamendik, Berria egunkariko zuzendariak. Eizagirrek eta Otamendik azken hilabeteotan Katalunian izan diren gertakariei buruz hitz egingo dute, baita etorkizunera begira gerta daitekeenari buruzko gogoeta egingo dute.

Hitzaldia arratsaldeko 19:00etan izango da Batzarremuño kulturgunean. Amaieran, mokadutxo bat eskainiko da bertaratuentzako.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos