Gipuzkoa Txapelketako pilota partidak jokatuko dira gaur Lazkaon

16:30etik aurrera lehiatuko dira, kiroldegiko pilotalekuan

DV LAZKAO.

Gaur, larunbata, Gipuzkoa txapelketako hainbat partida lehiatuko dira Lazkaon, arratsaldeko 16:30etik aurrera. 2006an jaio-tzako pilotari alebinak ariko dira batetik, banaka, eta bigarren mailako kadetak bestetik, binaka. I. Lazcano izango da arratsaldeko lehen partida lehiatuko duen Lapkeko pilotaria, Belokiko (Zumarraga) ordezkariaren aurka, eta J. Naldaizek Legazpiko ordezkariaren aurkako buruz burukoa jokatuko du ondoren. Arratsaldeko hirugarren eta azken partidan E. Goikoetxea eta U. Goikoetxeak osatutako bikotea ariko da, Behar Zana (Billabona) taldeko bikotearen aurka.

Baina ez dira hauek izango Lazkaoko Antzar Pilota Kirol Elkateko pilotariek gaur lehiatuko dituzten partida bakarrak. Lapkeko Quina-Garmanedia bikotea Errenderin izango da esaterako, 10:15ean; E. Irribarria Azpeitin, 16:00etan; eta A. Goiburu Altzon, 16:00etatik aurrera. U. Iturbe, I. Askarai, O. Altuna, M. Amoztegi, M. Iturbe, A. Altuna, A. Sukia, J. Askarai eta H. Goena aldiz, Elizondoko Udal pilotalekuan ariko dira, Baztango Txapelketan, 16:00etan hasita.

Bihar, igandea, U. Aldasoro, I. Garrido eta I. Urrestarazu izango dira Baztan txapelketako Lapkeko ordezkariak Iruritan, 9:30ean; I. Garciak (Lapke) Goikoetxearekin batera jokatuko du Zizurkilgo txapelketako binakako partida Zizurkil bertan, 10:00etan; J. Etxeberriak (Lapke) Gutierrezekin batera lehiatuko du Yuste-Lazcano bikotearen aurkako Gartzaron txapelketako final-erdia, herri nafarrean, ordu berdinean; eta B. Garmendia (Lapke) Egigurenekin ariko da Diario Vascoko final laurdenean, Prieto-Alduntzin bikotearen aurka, Bergaran, 11:30ean.

Azkenik, U. Belaunzaranek Lizarrako txapelketako partida lehiatuko du Remontibalen, 9:30ean, eta E. Goikoetxea eta U. Goikoetxeak Saez eta Hernan izango dituzte aurkari, hurrenez hurren, txapelketa berdineko bi partidetan, 16:00etatik aurrera, Lizarran.

Fotos

Vídeos