Gerriko ikerlan beka, osasuntsu

Sarituak eta antolatzaileak, ekitaldiaren amaieran. /  DV
Sarituak eta antolatzaileak, ekitaldiaren amaieran. / DV

Azken deialdiko irabazlea ezagutu da azken egunetan, bekari esker sortutatko hogeita seigarren liburua kaleratzearekin batera

DV LAZKAO.

Gerriko Ikerlan Beka 1989an jaio zen, Goierri eta Goierritarrei buruzko ikerlanak argitaratzeko helburuarekin, eta bere ibilbidean aldaketa ugari jasan dituen arren, osasuntsu mantentzen da egitasmoa, hogeita hamar urte ondoren. Horren adibide garbia dira, sortu zenetik hona, 26 liburutan argitaratu diren 29 lanak; hoietako bi, azken urtean. 26.aren aurkezpena izan da hain zuzen ere duela pare bat aste, azken deialdiko bekaren irabazlea ezagutzera ematearekin batera.

Gerriko ikerlan bekaren 18. deialdian (azkena), frankismoari buruzko ikerketa proiektu batek irabazi du saria, 'Estatu frankistaren eraikuntza Goierrin. Lehen udal-talde frankistak eta udal-langileen depurazioa' proiektuak. Hamaseigarren edizioko liburua argitaratzearekin batera jakinarazi zuen Gerriko Ikerlan Bekaren lan-taldeak Jon Kortazar Billelabeitia mungiarraren ikerlanak jasoko duela, aurkeztutako bost ikerlan-proiektuen artean, aurtengo 7.000 euroko beka.

Iñaki Alegria Loinaz, informatikan doktorea, eta Maider Larrañaga Egileorrek, EHUko irakaslea, osatu dute oraingoan epaimahaia, jasotako proiektuen arabera eratutako epaimahaia, eta Jokin Apalategi Begiristain izan da aurtengoan ere zuzendari zientifikoa.

Bost lanen artean aukeratu dute azken bekaduna, aurkeztutako proiektu guztien maila ona goraipatu ondoren.

Garaikurra eta sariaren lehen parte bat jaso du orain irabazleeak %40a, proiektua landu eta argitaratzeari begira lanean jartzeko konpromezua hartu ondoren. Ikerlana garatzeko, urtebeteko epea izango du orain.

Helburu bikoitza

Jon Kortazarren esanetan lan haundia egin da azken urteetan Guda Zibilari buruzko memoria historikoan, tokiko historian batez ere, eta Gerriko Ikerlan Bekara aurkeztutako bere lan honek joera horrekin bat egiten du nolabait. Halere, beste bat eman nahi du eta lan-errepresioan zentratuko da horregatik ikertzailea, hildakoengan eta kartzelaratutakoengan baino gehiago.

Bestalde, garai hartako Goierrin Estatu frankistaren eraikuntzan zeinek eta zergatik parte hartu zuten jakin nahi du ikertzaileak, «proiektu kontrairaultzaile eta antidemokratiko honek Goierrin zein nolako aldekotasun izan zituen».

Izan ere, «diktadura edo Estatu errepresibo batek ezin duelako isolaturik iraun, aldekoak behar ditu, ideologia, oportunismoa edo beldurra direla eta», Kortazarren ustetan. Horiek izango dira, hain zuzen ere, lanaren bi helburu nagusiak.

Gerriko Ikerlan Beka irabaztea «aukera» bat dela aitortu du Kortazarrek, orain arte espezializatutako lanean sakontzea ahalbidetzen diolako. Gainera, Gipuzkoa mailan nolabaiteko sona du Bekak eta epaimahaikideek bere proiektua modu horretan baloratzek «poza ematen dit», dio.

Jon Kortazar historian doktorea da, hain zuzen ere Goierriko herri batetan (Beasainen) Errepublika, Guda Zibila eta Frankismoa ikertzen zituen tesi batekin doktoratu zen 2017an. Lan hori argitaratzeko dago oraindik baina frankismoari buruzko ikerketa eta proiektuak argitaratu ditu aurretik mungiarrak. Gerriko Ikerlan Bekari esker egindako ikerketa izango da hurrengoa, hilabete batzuk barru.

Turimo industriala aztergai

Gerriko Ikerlan Bekaren azken fruitua aurkeztu zen, hain zuzen ere, Jon Kortazar bekadunaren proiek-tuarekin batera. Goizalde Hernando eta Galder Guenagak egindako ikerketaren emaitza jasotzen duen liburua da, 'Turismo industriala Goierrin eta Euskadin: enpresak bertatik bertara bisitatzeko aukerak eta onurak'.

Enpresak bertatik bertara bisitatzeak Goierrin eta Euskadin izan dezakeen potentziala aztertzen du liburuak. Enpresa ugari bisitatu dituzte emaitzak ateratzeko ikertzaileek, eta bisitariak inkestatu, eta nazioarteko hainbat esperientzia ere jorratu dituzte, «guretzat eredugarri eta bide-erakusle izan daitezkeelakoan», dio Guenegak. Liburuan modu ulerterraz eta dibulgatiboan jaso dituzte emaitza nagusiak, «grafiko, argazki eta irudi pila bat baliatuta».

Lana bereziki interesgarria da Goieki eta Goiturentzat, ikertzaileen ustetan, baina baita Goierriko enpresentzat ere 'produktu turistiko baten ernamuina izan daitekeelako'. Era berean, Goierriko ikastetxeek eta, oro har, herritarrek, datu bitxi eta baliagarri anitz aurkituko dituzte bertan. 'Luze gabe zeresana emango duen gaia dela uste dugu, berezia eta emankorra', diote Guenaga eta Hernandok.

Liburuaren aurkezpen ekitaldian izan ziren Niko Osinalde, Goiturreko zuzendari, eta Bekako enpresa laguntzaile diren Ampo eta Orkliko ordezkariak ere.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos