Gazte laguntzaileei bekak emango dizkie Udalak

Eider Saez eta Jessica Cantero agertzen dira kultur etxean. /  DV
Eider Saez eta Jessica Cantero agertzen dira kultur etxean. / DV

Bidaia, asegurua eta bisatua ordaintzeko, gehienez 2.000 euro emango zaizkio eskatzaile bakoitzari

DV LAZKAO.

Herriko gazteei zuzendutako bekak emango ditu aurten ere Lazkaoko Udalak, garapeneko lankidetza ekintzetarako sentiberatze eta gazteen artean herrialdeen eta kulturen elkartasun baloreak sustatzeko helburuarekin. Bolondresen lana onartu eta babestu asmoz, eta herrian lankidetza programetan parte hartzen duten gazteak badirela jakinda, Udalak diru laguntzak banatuko ditu hauen artean.

Sei mila euroko aurrekontua zehaztu da laguntza hauetarako, eskatzaile baloitzak gehienez bi mila euro jasoko dituelarik, eta eskaerak udaletxeko harrera bulegoan aurkeztu daitezke jadanik (bertan eskuratu daitezke agiriak). Urte amaiera artekoa izango da laguntzak eskatzeko epea.

Udalak, beka jasoko duten hautagaien artean aukeratzeko garaian, landu behar den egitasmoa zein den hartuko du kontutan. Jarduera egin behar den herrialdeko hizkuntza edo ingelera jakitea ere aintzat hartuko du eta Gobernuz Kanpoko Erakunde bateko kide izatea eta lankidetzarako harremana izatea. Aurreko urteetan programa honetan parte hartu ez duten gazteek izango dute lehentasuna.

Betebeharrak

Bekaduna izateko, 20 eta 30 urte bitarteko adina izan behar da, Lazkaon erroldaturik egon behar da (gutxienez urte bete lehenagotik) eta Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) batekin lankidetzan egon behar da, baina lan harreman profesionalik izan gabe.

Gainera, proiektua gauzatu behar den herrialdean gutxienez hiru aste egin behar dira, istripu eta gaixotasunen aseguru-poliza bat kontratatu behar da, ekintza bukatu arte eta proposatutako denboraldirako, eta Osakidetzak emandako osasun aholku guztiak bete behar dira (txertoak etab). Azkenik, egindako lanaren memoria aurkeztu behar da udaletxean.

Lazkaoko Udalak jarduera burutu behar den tokira egin beharko bidaien joan-etorri gastuekin lagunduko die gazteei, eta behar den bisatuan, sartzeko edota irteteko zergen ordainketan edo gaixotasun eta istripuetarako aseguruen ordainketan. Eskatzaileek kontutan izan behar dute ezingo dutela helburu berdinerako beste laguntzarik jaso.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos