Gaurko saioarekin amaituko da Plan Orokorra idazteko prozesuaren lehenengo zatia

GOIKOETXEA AMEZKETA.

Gaur, abenduaren lehenarekin egingo dute Amezketan Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra idazteko prozesuaren lehenengo zatiko azken bilera. Arratsaldeko 18:00etan jarri dute hitzordua kultur etxean, eta Itzulketa saioa deitu diote gaur bilerari: Guztion mapak zer jaso duen ikusi eta Plan Orokorrari zer eskatuko dioten zehaztuko dute gaurko saiora gerturatzen diren herritarrek.

Urriaren amaieran osatu zituzten Amezketako Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra idazteko prozesuaren baitan lanean aritu diren lan-taldeak, eta Amezketak izango duen garapenaren zazpi 'Amets gidariak' ere aukeratu zituzten. Lan-talde horietan landutakoa komunean jarri zuten azaroaren 17ko eta 18ko saioetan eta, esan bezala, prozesuaren lehenengo zatiari amaiera emango dion gaurko saioan Plan Orokorrari zer eskatuko dioten zehaztuko dute amezketarrek.

Amezketako Udalak web gune bat ere badu martxan honen guztiaren inguruan: www.amestuamezketa.eus.

Plan Orokorrari buruzko informazioa biltzeaz gain, hari buruzko iradokizunak egiteko aukera ematen die atari horrek herritarrei.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos