Gaur iluntzean hasiko dira Kalebeherako festak

Sardina erre eta txakolin dastaketako iazko irudia. / GOIKOETXEA
Sardina erre eta txakolin dastaketako iazko irudia. / GOIKOETXEA

Aurten ere jendetza espero dute antolatzaileek

GOIKOETXEA ALEGIA.

Ikasturte berriarekin batera badatoz Kalebeherako festak. Gaur iluntzeko 19:00etan suziria bota bezain pronto aterako dira buruhandiak kalera, eta 20:00etan emango zaio hasiera Erbeta frontoian urteroko tortilla-patata lehiaketari. Zahagi-ardoaren ondoren trikitilariak izango dituzte lagun gautxoriek.

Bihar eguerdian krosa jokatuko da eta 16:00etan hasiko dira pala txapelketako kanporaketak. Ordu bererako haurrentzako jolasak, zinta-karrera eta txokolatea ere iragarri dituzte, eta iluntzeko zahagi-ardoaren osteko bertso saioan honakoak ikusiko ditugu taula-gainean: Mikel Artola, Imanol Irazustabarrena, Odei Oiartzabal, Unai Mendizabal eta Iker Iriarte.

Igande eguerdiko herriko dantzarien saioaren ondoren txakolin freskoa eta sardina erreak izango dituzte aukeran Kalebeherara hurbiltzen diren herritarrek. Arratsaldeko 14:30ean herri bazkaria ospatuko da eta 17:00etan, pilota eta pala txapelketetako finalak. Zahagi-ardoarekin emango zaie bukaera aurtengo festei.

Aurten ere jendetza espero dute Kalebeherako festetako antolatzaileek.

Azoka berezia

Alegiako Kultura batzordeak urriaren 1erako iragarri du urteroko Artisau eta Barazkien Azoka Berezia, eta bertan postuan jarri nahi dutenentzat izena emateko epea ere zabaldu du: irekiko da epea eta hilaren 18ra arte egongo da zabalik. Ohi bezala, herriko ekoizleek eta aurreko urteetan azokan parte hartu duten ingurukoek izango dute aurtengo edizioan presente egoteko aukera.

Izena eman nahi dutenak Alegiako kultur etxera joan daitezke edo telefonoz dei dezakete bertara (943654698).

Fotos

Vídeos