Gaur goizean jokatuko dira Altzon Gabonetako Pilota Topaketetako finalak

GOIKOETXEA ALEGIA.

Intxurre pilota eskolak eta Abaltzisketako, Alegiako, Altzoko, Amezketako eta Ikaztegietako guraso elkarteek antolatzen dituzten Gabonetako Pilota Topaketetako finalak jokatuko dira gaur Altzoko pilotalekuan goizeko 10:30ean.

Hilaren 27an eta 28an Alegian, Altzon, Amezketan eta Ikaztegietan jokatu diren sailkapen partiden ostean: benjamin-aurrekoetan Aratz Azpilgain eta Egoi Garaikoetxea Urtzi Telleria eta Oihan Gorostidiren aurka ariko dira; benjaminetan Aitor Karrerak eta Martin Elolak Husain Mahayuben eta Oinatz Goñiren kontra jokatuko dute; alebinetan Harkaitz Muruak eta Chafei Mahmoudek osatutako bikoteak Araitz Astrainek eta Ander Ruizek osatutakoari egingo diote aurre; infantil mutiletan Andoni Iturriozek eta Ugaitz Mujikak Ander Balerdi eta Janitz Fernandez izango dituzte aurkari, eta nesketan Iradi Uria eta Ainhoa Uzkudun Aisha Etxeberriaren eta Ane Ugartemendiaren aurka ariko dira; azkenik, kadeteetan Unai Altunak eta Iker Muruak Aitor Galarzaren eta Sergio Mañosoren aurka jokatuko dute.

Zozketak

Alegiako Merkatarien Taldeak eta Alegiako Udalak Gabonetako zozketa berezia egin zuten atzo eguerdian: lehen saria, ekimenean parte hartu duten denda eta tabernek emandako produktuekin osaturiko saskia, Gorka Zubeldia Arnedorentzat izan da; eta bigarrena, Zigako landetxe batean asteburuko egonaldia, Amalio Garciarentzat.

Gogora dezagun joan den abenduaren 1az geroztik zozketan parte hartzeko txartelak banatu dizkietela merkatarien elkarteko kide diren herriko saltoki eta tabernetan kontsumitu duten herritarrei.

Alegiako Merkatari Taldeak eta Udala positiboki baloratu dute abenduan zehar egin duten kanpaina hau.

«Herritarrei urte osoan erakusten duten fideltasuna eskertzeko modua da horrelako kanpainak egitea eta, aldi berean, kontsumitzaile berriak Alegiako saltoki eta tabernetara erakartzekoa ere bai. Horrenbestez, etorkizunean antzeko ekimenak garatzea aztertzen ari gara», adierazi dute merkatariek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos