Gaur emango zaie San Esteban jaiei hasiera Larraulen

Igandera arte, ekintzaz betetako programa batekin.
Igandera arte, ekintzaz betetako programa batekin. / NÚÑEZ

NÚÑEZ LARRAUL.

Egun guztiko egitarauarekin emango diete hasiera gaur, ostegunean, San Esteban jaiei Larraulen. Txupinazoa eta Pello Joxeperen jaitsiera arratsaldean izango bada ere, goizean ere izango dira ekitaldiak. 11:00etan meza nagusia ospatuko da elizan eta 11:30ean hamaiketako herrikoia egingo da Ostolaza eta Pujana trikitilariek alaitua.

Arratsaldean, 16:30ean mus txapelketa antolatuko da Katillu-txulo elkartean. 19:30ean txupinazoa botako da eta Pello Joxepe jaitsiko da kanpandorretik. Ondoren, buru handiak irtengo dira eta Gurdi soinu herriko txarangak alaituko du giroa. Jarraian, Ostolaza eta Pujana trikitilariekin erromeria izango da eta iluntzean akanpada egingo da.

Bihar, ostirala, festak jarraituko du, hainbat ekintza programatuta daudelarik. 11:00etan gazteek umeentzat antolatutako altxor bilaketa jokoa egingo da, eta eguerdiko 12:00etan apar festa. 14:00etan haurren bazkaria izango da eta jarraian, 15:00etan puzgarriak. Iluntzeko 21:00etan herri afaria egingo da Herri Ostatuan eta gauari amaiera emateko Patxuko nicen kontzertua egongo da 23:00etan eta Dj Zigorena 01:00etan.

Larunbatean kotxe istripu baten erreskate simulakroarekin emango zaio hasiera programari 12:30ean, DYAren eskutik.Arratsaldeko 18:00etan herri kirolen txanda izango da eta 20:30ean barrikote herrikoiarena, Urbeltz plazan. Amaitzeko Dj Urki 23:00etan eta goizaldeko 03:00etan baratxuri zopa banatuko da.

Igandean, abuztuak 6, sagardo dastaketa egongo da 12:30ean (Aburuza, Zabala, Gaztañaga, Artola eta Sarasola) eta 13:00etan herriko umeen dantza emanaldia. 13:30ean toka txapelketa jokatuko fa eta 15:00etan jateko ordua helduko da, paella herrikoiarekin.

Arratsaldeko 18:00etan bertso jaialdia ospatuko da, eta hainbat profesionalek hartuko dute parte: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal. Gai-jartzaileak herriko bertso taldeko kideak izango dira. Segidan Laja gaztea eta Elustondo trikitilariak alaituko dute giroa goizaldera arte.

San Bartolome eguna

Azkenik, abuztuaren 24an, osteguna, San Bartolome eguna ospatuko da Larraulgo patroia delarik. Goizeko 11:00etan Meza Nagusia ospatuko da eta eguerdiko 12:00etan hamaiketako herrikoia egongo da. Arratsaldeko 13:00etan emakumeen pilota partidak jokatuko dira eta 14:30ean frontenis txapelketa herrikoia. Amaitzeko, 19:30ean Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak festa girotuko dute.

Temas

Jaiak

Fotos

Vídeos