Gaur eta bihar egingo dira Plan Orokorra idazteko prozesuko hurrengo bilerak

GOIKOETXEA AMEZKETA.

Urriaren amaieran osatu zituzten Amezketako Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra idazteko prozesuaren baitan lanean ari diren lan-taldeak, eta Amezketak izango duen garapenaren zazpi 'Amets gidariak' ere aukeratu zituzten. Prozesuaren hurrengo urratsak gaurkoa eta biharkoa izango dira: gaur, ostiralarekin, arratsaldeko 18:00etan jarri dute hitzordua kultur etxean; eta bihar, larunbatez, 10:00etan elkartuko dira toki berean. Lan-talde horietan landutakoa komunean jarriko dute biharko eta etziko saioetan. Amezketar guztien bizi proiektua bermatzeaz, herriko ekipamenduez edota etxebizitza kultura berriaz ariko dira, beste hainbat gairen artean.

Gogora dezagun urrian Amezketako etxe guztietan banatu zuela Udalak Amezketako Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren aldizkariaren lehen zenbakia, 'Amestu Amezketa' izenburu duena, eta horrekin jarri zuela abian Plan Orokorra idazteko amezketarren artean sustatu nahi duen partaidetza prozesua. Esan bezala, bihar eta etzi egingo dira prozesu horretako hurrengo bi saioak, eta abenduaren lehenerako aurreikusi dute azkena. Horrekin amaitutzat emango luke Udalak Plan Orokorraren parte-hartze prozesuaren lehenengo zatia.

Amezketako Udalak web gune bat ere jarri du martxan honen guztiaren inguruan: www.amestuamezketa.eus. Plan Orokorrari buruzko informazioa biltzeaz gain, hari buruzko iradokizunak egiteko aukera ematen die atari horrek herritarrei.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos