Gaur amaituko da San Silbestre kroserako izena emateko epea

GOIKOETXEA ALEGIA.

Hilaren 31n jokatuko den Alegiako VIII. San Silbestre kroserako aldez aurretik izena emateko epea gaur bertan amaituko da, asteazkenarekin. Kultur etxera joan eta gaur bertan izena ematen dutenek kamiseta bat jasoko dute opari. Izen-ematea azken unerako utzi nahi dutenek, berriz, lasterketaren egunean bertan izango dute horretarako aukera, 14:30etik 15:30era udaletxeko sarreran. Antolakuntzak garbi utzi nahi du 15:30etik aurrera ez dela izen-ematerik onartuko. Aldez aurretik zein egunean bertan izena ematen duten 16 urtetik gorako korrikalariek 6 euro ordaindu beharko dute.

Gogora dezagun hainbat berrikuntza izango dituela aurtengo San Silbestre krosak: nagusiena, ibilbidearekin loturikoa. Orain arte, lasterketa nagusian korrikalariek bi itzuli ematen zizkioten zirkuituari. Aurten, ibilbide horrek aldaketa nagusi bat izango du: Kalegoratik bueltan Zubi Zaharra igaro ostean, Larraitz auzorako bidea hartuko du lasterketak eta eskolaren parean eskuinera joko du baina ez Etxe Txuri aldera, Larraitz auzoko 4A eta 4B zenbakiak dauden kaletik baizik. Bertatik metro batzuk egin eta ezkerrera joko dute korrikalariek, Larraitz 16 zenbakidun eraikinaren aurretik pasa eta berriz ezkerrera eginda San Juan kaleranzko bidea hartzeko. Hortik aurrera ohiko bidearekin jarraituko dute.

Aldaketa horrek zirkuituari metro batzuk kendu dizkionez, helduen lasterketan parte hartzen dutenek hiru itzuli eman beharko dizkiote ibilbideari, guztira 4.380 metro osatuz. Aurten beteranoen kategoria ere sartu dute antolatzaileek, 45 urtetik gorakoena alegia, eta horiek ere hiru itzuliak egin beharko dituzte. Proba berean ariko diren infantilek eta kadeteek, berriz, bi itzulirekin amaituko dute lasterketa, 2.920 metro osatuz. Aurrebenjaminek, benjaminek eta alebinek ohiko lasterketa egingo dute: plazatik Kalegorara, ibai ondoko paseoan barrena Kalebeherara, eta San Juan kaletik berriz plazara.

Gogora dezagun, baita ere, lasterketan jasotzen den dirua 2006az geroztik Ugandako haurrekin lanean ari den Mukwano-Lagun Gobernuz Kanpoko Erakundeari emango diotela aurten. «Horrenbestez, lasterketan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, parte-hartze hutsak beharra dagoen lekuan laguntzea ahalbidetuko duelako», adierazi dute antolakuntza taldeko kideek. Ohi bezala, mozorro onenak saria izango du eta parte-hartzaile guztien artean opariak zozketatuko dituzte lasterketa amaitu eta berehala. Merienda ere eskainiko diete korrikalariei.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos