Gaur amaituko da Musika Astea

Astean zehar hainbat ikaslek, adin txikiko eta helduek, emanaldiak eskaini dituzte. /  ALARCIA
Astean zehar hainbat ikaslek, adin txikiko eta helduek, emanaldiak eskaini dituzte. / ALARCIA

Kantuko ikasleek eta Zirika Zirkusek emango diote bukaera astelehenean abiatu zen ekimenari

A. ALARCIA LAZKAO.

Lazkao Txiki Musika eskolak antolatutako Musika Astea duela urte pare bat martxan jarritako ekimena da. Ikasturte amaieran, urte guztian zehar egindako lana jendaurrean aurkezteko aukera ematen die adin guztietako musika ikasleei eta lan honen emaitzez gozatzekoa herritarrei. Bost egunez, musika berriro izan da protagonista Lazkaon, musika eskolako ikasle eta irakasleei esker.

Astelehenean, hasi berrien piano eta gitarra audizioarekin abiatu zen aurtengoan Musika Astea, eta bateria audizioa eta ikasle helduek eskainitako emanaldia izan ziren ondoren. Asteartean, instrumentu erakustaldi tailerra egin zuten, sokazko eta haizezko instrumentuen audizioa eta gaztetxoen piano eta gitarra emanaldia. Asteazkenean, berriz, gitarrako ikasleen txanda izan zen eta trikititilariek animatu zuten arratsaldea.

Atzo, adin guztietako ikasle eta irakasleek emanaldia eskaini zuten elkarrekin Arerian eta Konboen kontzertuak jendetza bildu zuen plazan. Gaur, azkenik, kantuko ikasleek eta Zirika Zirkusen musika, zirko eta animazioak emango diote amaiera aurrengo musika asteari.

Matrikulazioa

Musika asteak adierazten du ikasturtea amaitzear dagoela eta horrexegatik, datorrenera begira, matrikulazioak egiteko epea zabalduko du musika eskola lazkaotarrak datorren astelehenean.

Izena emateko aukera egongo da, 2018-2019 ikasturterako, maiatzaren 31 bitartean. Musika eskolako bulegora hurbildu behar dute horretarako; Udaletxeko eraikin berean dagoen kulturetxeko bigarren solairura, astelehenetik ostegunera 11.00etatik 18.00etara.

Musika eskolak hiru ikasketa modulu eskaintzen dizkie ikasleei, hauen adinaren arabera. 'Musika eta Mugimendua' da lehenengoa eta lau eta sei urte bitarteko haurrei dago zuzendua. Lehen modulu honen bi helburu nagusiak, jolasaren bitartez, umeak duen potentzial musikala garatzea eta instrumentu bat aukeratzeko bere gaitasun espresiboa, musikala eta motriza lantzea dira.

'Musika hizkuntza' da bigarren modulua, zazpi eta hamaika urte bitarteko gaztetxoei zuzendua. Bost urteko iraupena du eta instrumentua eta ahotsa dira urte hoietako musika-garapenaren ardatz nagusiak. Musika hizkuntza, musika irakurtzen eta idazten ikasteko bada ere, instrumentu, talde instrumental edo koru taldeetan praktikatzen hasten dira ikasleak.

Hirugarren modulua hamabi eta hamabost urte bitarteko nerabeei zuzendua dago, musikaren ezagutza sakondu nahi duten ikasleei. Instrumentuak eta ahotsa, teoría eta taldekako musikaren lanketa egiten da.

Instrumentu desberdinak jotzen ikasteko aukera zabalak (gitarra, baxua, pianoa, trikitixa, bioliña, batería...) edo talde desberdinetan (konboak, trikitixa taldea, Xirula taldea...) parte hartzeko aukerak osatzen dute musika eskola lazkaotarreko ikasketa eskaintza, eta pasa den urtean martxan jarritako hiru tailerrek: musika hezkuntza goiztiarra, musikoterapia eta hirugarren adineko pertsonentzako tailerrak.

Informazio gehiagorako musika eskolako bulegora jo daiteke, aurretik aipatutako ordutegian, edo 943086869 telefono zenbakira, lazkaotxikime@gmail.com helbide elektronikora zein www.lazkaotxikime.com web orrira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos