Gabonetako zozketa berezia aurkeztu zuten Merkatarien Taldeak eta Udalak Alegian

Alegiako Merkatarien Taldeko hainbat kidek eta Nati Murua zinegotziak aurkeztu zuten kanpaina. /  GOIKOETXEA
Alegiako Merkatarien Taldeko hainbat kidek eta Nati Murua zinegotziak aurkeztu zuten kanpaina. / GOIKOETXEA

Abenduaren 22an taldeko kideek eskainitako produktuz osatutako saski bat eta bidaia bat zozkatuko dituzte

GOIKOETXEA ALEGIA.

'Zaku bete opari Gabonetan Alegian' lelopean Alegiako Merkatarien Taldeak eta Alegiako Udalak Gabonetako zozketa berezia jarriko dute martxan gaur, ostiralarekin, euren erosketak herrian bertan egiten dituzten herritarren fideltasuna saritu asmoz. Gaurtik aurrera abenduaren 22an egingo duten zozketan parte hartzeko txartelak banatuko dizkiete merkatarien elkarteko kide diren herriko saltoki eta tabernetan kontsumitzen dutenei.

Iazkoarekin alderatuta, sari bat gehiago banatuko dute aurten. Lehen sari modura, ekimenean parte hartzen duten denda eta tabernek emandako produktuekin osaturiko saski handi bat jasoko du irabazleak, iaz bezala. Kanpainak dirauen bitartean saski hori ikusgai egongo da Maitere janari-dendako erakusleihoan. Bigarren saria, aurtengo berrikuntza dena, bidaia bat izango da.

Kanpainaren berri emateko egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, zozketak hainbat helburu ditu. «Horietako bat kontsumitzaileen fideltasuna eskertzea da. Beraiek dira Alegiako merkataritza sostengatzen dutenak eta merkatariek hori eskertu nahi dute», adierazi zuen Nati Murua Alegiako Udaleko zinegotziak. «Bestetik, garrantzitsua da herritarrek herriko dendetan erosketak egitea. Merkataritza osasuntsu bat izateak herri osoari mesede egiten dio».

Gauzak horrela, herritarrak eta kanpotik datozenak Alegian kontsumitzera animatu zituen Muruak, abenduan Alegian erosketak egiteak «saria izan dezakeelako».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos