Gabonetako kontzertua emango dute bihar Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzek

Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzak iaz Gabonetako emanaldian./
Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzak iaz Gabonetako emanaldian.

Hilaren 24an, 25ean eta Urteberri egunean ere kantuak ariko dira abeslariak

GOIKOETXEA ALEGIA.

Urteroko hitzordura hutsik egin gabe, Alegiako Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzek Gabonetako kontzertua eskainiko dute bihar, larunbatarekin, iluntzeko 19:45ean Alegiako elizan. Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean ariko dira bi abestaldeak, eta Mariaje Rekondo izango dute pianoan lagun zenbait kantutan. Txikien abesbatzak Xabier Sarasolaren 'Gau ilunak ez badu' eta 'Bi gabon kanta' eta Joxean Goikotexeak moldatutako 'Alaken' abestuko ditu. Jarraian, Txintxarri abesbatzako gaztetxoenek bi abesti kantatuko dituzte: Joxean Goikoetxeak moldatutako 'Kanpai soinu, zilar doinu' eta David Azurzak moldatutako 'Erregiak datoz'. Eta horien ostean, helduen abesbatzak sei kantu eskainiko ditu: Sabin Salaberriren 'Gaur gabon'; Rutterren 'I will sing with the spirit'; Junkal Guerrerok moldatutako 'Orra Mari Domingi'; 'Fum fum fum' Kataluniako doinu herrikoia; Hopsonen 'Halle, Halle, Halle'; eta Eva Ugaldek konposatutako 'Zeruan dizdizka'. Haendelen 'Alleluia' abestuz emango diote amaiera Eguberrietako emanaldiari.

Biharko kontzertuaz gain, gogora dezagun etzi, Gabon egunez, kantu eskean ibiliko dela Txintxarri abesbatza arratsaldeko 16:30etik aurrera, eta Olentzeroren harreran parte hartuko duela herriko beste hainbat talderekin batera. Astelehenean, Eguberri egunez, meza nagusian abestuko dute, baita Urteberri egunekoan ere.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos