Gabiriako Andra Mari festak igande honetan hasiko dira

A. BAZTARRIKA GABIRIA.

Gabiriako Andra Mari festak igande honetan hasiko dira eta ostirala arte. Ohiturari jarraituz, goiz eta arratsaldez herriko txistulariak biribilketan arituko dira eta arratsaldeko 18:00etan, hauek herri gunera iristean, hasiera ofiziala emango zaie jaiei txupinazo eta makilaren jaitsierarekin. Aurtengoan pregoiaren irakurketa Baztarrika Baserrikoek egingo dute, azaroan Donostian ospatutako World Cheese Awards -en 'super urrea' irabazi baitzuten, beraien gazta munduko hoberenetarakoen artean sailkatuz eta beraien izen onarekin batera Gabiria herriarena ere mundu guztian zehar zabalduz. Hasierako ekitaldi honetan dantzariak eta bertsolariak ere egongo dira. Gero, herriko futbol zelaian, lehen aldiz herrian, Larraul eta Oiartzunen artean botaluze partida jokatuko da; honetarako eguraldia lagun izango ez balitz frontoian pasaka modalitatean arituko dira. 20:00etan gaztetxoentzat Bergarako zezenak egongo dira. Ondoren gazte afaria herriko plazan, afal ostean festan jarraitzeko Ttek elktrotxaranga.

Astelehenean, gazteen olinpiadak arratsaldeko 17:30ean hasiko dira (6-14 urte bitartekoentzat), gero apar festaz gozatu ahal izango dute. 19:00etan bertso saioa egongo da herriko plazan. Saio honetan Sebastian Lizasok, Unai Mendizabalek, Andoni Egañak, Maider Arregik, Maialen Lujanbiok eta Jon Maiak abestuko dute. Amaitzean, pintxo pote herrikoia egongo da herriko taberna eta elkarteetan. Gauean, 23:00tan Etsita kale antzerkia egongo da herriko plazan, ondoren Patxuko Naice eta Autobus Magikoa egongo dira.

Andra Mari egunean, hilak 15, 11etan meza nagusia egongo da Andra Mari zeruratzearen parroki elizan. 12:00etan XXVI. Ormaiztegitik Gabiriara txirrindulari igoera herrikoentzat, kaskoa eramatea derrigorrezkoa izango da bai txirrindu gainekoentzat eta baita motor gainean doazenentzat ere. Arratsaldean, 19:00etan alde batetik, Goruntz dantza taldeko nagusienek saioa eskainiko dute eta bestetik, bola eta toka txapelketa hasiko da. 20:30etan Errime musika taldearen kontzertua egongo da Ostatu aurrean. Gauean, 22:00tatik aurrera Fan&Go taldearekin dantzaldia goiz aldera arte, 1:00etan mozorro desfilerako geldialdia eginda. Goizaldean, baratzuri zopa jana Erbie Elkartean.

Egun horietan, hau da, abuztuak 14, 15 eta 16an Legazpi, Zumarraga, Ormaiztegi, Beasain eta Ordiziatik Gabiriara heltzeko autobus zerbitzu berezia egongo da, baita gauean edo goizaldean itzulera egiteko ere.

Fotos

Vídeos