Festa giroa izango da asteburuan antolatutako hainbat ekintzarekin

Iazko Basherri Egunean giro bikaina bizi izan zen./
Iazko Basherri Egunean giro bikaina bizi izan zen.

Bihar Jundajo txarangak eta Oin Arin dantza taldeak saioa egingo dute goizean eta arratsaldean sagardo festa izango da

DV LAZKAO.

Sanmigel eguna gerturatzen doa, irailaren 29an ospatzen da, eta festa honen inguruko ekintzak ospatzen jarraitzen dute lazkaotarrek. Honela, asteburu honetan ere, festa giroa izango da nagusi herriko kaleetan.

Jundajo txaranga hamargarren urteurrena ospatzen dabil aurtengoan eta urtebetetze honen harira, kaleak alaitzen ibiliko dira musikariak bihar goizean; eguerdi aldera, 12:00etan, Oin Arin dantza taldeak eskainiko saioa ikusteko aukera izango dute gainera lazkaotarrek. Dantzari helduenak ariko dira plazan, Iparralde eta Portugaletetik etorritako dantza taldeetako lagunekin batera.

Bestalde, sanmigel egunaren aurreko asteburua izanik, sagardo dastaketa ere egingo da bihar herriko plazan, ohikoa den bezala. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, elkarte lazkaotarretako ordezkariek sagardotegi desberdinetatik iritsitako sagardoa banatuko dute hurbiltzen direnen artean. Talogileak ere bertan izango dira, sagardoari laguntzeko jatekoa prestatzen eta baita jundajo txaranga, musikaz giroa berotzen. 

Igandean, VI. Basherri Eguna ospatuko da plaza inguruan, 9:00 etatik 14:00 etara

IV. Basherri Eguna

Igandean, gainera, Basherri Eguna antolatu dute Lazkaoko baserritarrek Udalaren laguntzaz, siegarrengoz aurtengoan. Bertako nekazaritza eta abelzaintzaren mundua gertutik ezagutzeko aukera eskainiko die azokak, goizean zehar plaza ingurura hurbiltzen direnei, 9:00etatik 14:00etara.

Produktu desberdinak ikusteaz gain, hauek erosteko aukera izango da nekazari lazkaotarrek jarriko dituzten postuetan alde batetik eta, bestetik, baserritarrek ekarritako abereak egongo dira ikusgai. Ahuntzak edo ardiak ikusteko aukera izango da itxituretan, hegazti edo untxiak kaioletan, eta behi, txekor, behor edo astoak, besteak beste, plazako gune desberdinetan.

Urtero moduan, pintxoak ere banatuko dituzte antolatzaileek eguerdi aldera. Azokako produktuekin prestatutako jakiak eta sagardoa dastatzeko aukera izango da eta produktu hauekin osatutako bi saskien zozketa ere ez da faltako aurtengoan. Azokako erosleei txartelak banatuko zaizkie goizean zehar eta 13.30ak aldera egingo da zozketa plazan bertan.

Goiz guztian zehar eskala txikian egindako baserriko lanabesen erakusketa ere izango da frontoiean eta Lazkao Txiki Musika Eskaolako trikitilariak ibiliko dira kalez kale giroa alaitzen. 14:00ak aldera jasoko dira postu eta abereak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos