«Euskarak urtean egun bakarra du Villabonako Udalean» dio EH Bilduk

I. A. AMASA-VILLABONA.

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira egin diren ospakizunen ostean, EH Bildu kritiko azaldu da hizkuntzaren alde udal gobernuak egiten duen lanarekin. «Pasa den igandean, Galtzaundi euskara elkarteak deituta, Tolosaldeko 28 herrietako plazetan elkartutako jendearekin hizki bana marraztuz, 'Tolosaldean euskarak 365 egun!!' esaldia osatu genuen. Ekimen polita izan zen eta Udalarekin batera, herriko hainbat elkarte, ikastetxe eta eragilek parte hartu genuen» azaldu du. «Hala ere, jakina da horrelako ekimen zehatzak ez direla nahikoak euskararen normalizazioan pausuak eman eta gure herriaren berreuskalduntzea lortzeko. Euskarak aurrera egin dezan urte osoan egin behar da lan, eta Udalak erantzukizun handia du zeregin horretan. Udalak euskara biziberritzeko helburua duen eta neurri zehatzak jasoko dituen plangintza bat adostu eta martxan jar-tzeko ardura du. Tamalez, azken urteetan EAJ-PNVk zuzentzen duen udal gobernuak alor honetan egindako lana oso eskasa izan dela salatu beharrean gaude».

Horren adierazgarrietako bat Udaleko euskara batzordeak izan duen «martxa apala» litzateke. «Batzordea ez da apenas biltzen eta ibilbide oso murritza izan du 2015eko ekainetik». EAJk Euskaran Ados! lan-mahaia ere geldiarazi duela salatzen du koalizioak eta «erabilera datu kaskarren aurrean», ez duela erreakziorik izan. «2 urte eta erdian euskararen aldeko ekimen bakar bat ere ez» dela izan nabarmentzen du eta «hainbat alditan Udalak argitaratzen dituen euskarrietan euskararen erabilera desegokia» nabaritu dutela.

«Espero dugu mezu honek, gaurtik aurrera egoera aldatu, eta udalean, euskara batzordean eta euskaran ados! lan mahaian elkartu eta euskararen aldeko lana berraktiba-tzeko balio izatea», dio EH Bilduk.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos