Etzi emango zaie hasiera Adunako jaiei Oilasko jokoarekin

NÚÑEZ ALBIZTUR.

Adunako 2017ko jaiak larunbatean, abuztuaren 12an hasiko dira. Aurten, berrikuntza moduan duela urte batzuk bertan behera geratu zen oilasko jokoa berreskuratu da, garai berrietara egokituz. Goizeko 6:30ean aterako dira oilasko biltzaileak. Txupinazoa, berriz, eguerdiko 12:00etan botako da udaletxeko balkoitik. Ohitura zen bezala, ondoren, oilasko jokoa eta I. Urrezko Ollaskua izango dira.

13:30ean 60 urtetik gorakoentzako bazkaria eskainiko da. Arratsaldeko 17:00etan XIV. Trans-Ernio pilota txapelketako finalak jokatuko dira. Ondoren, 20:30ean herri afaria izango da Haritz Mujika eta Amaia Agirre bertsolariekin. Gaueko 23:00etan, Izer eta Alabierrekin erromeria hasiko da.

Igandean, eguerdiko 13:00etan The Joselontxo's txaranga hasiko da jai-giroa alaituz. 14:00etan koadrilen bazkaria izango da frontoian eta arratsaldean koadrilen arteko jokoak eta The Joselontxo's txarangarekin dantzaldia izango dira. 20:00etan bokadiloak egingo dira. Gaueko 22:30ean DJ Txispitasen kontzertua hasiko da, mozorrotzeko gaia 80ko hamarkada izango da.

Astelehenean, abuztuaren 14an, umeen eguna izango da. 12:00etatik 13:30etara puzgarriak eta jolasak izango dira eta ondoren umeen bazkaria egingo da. Bazkalondoren, 15:00etan berriro hasiko dira puzgarriak eta jolasak 18:30a arte. Arratsaldeko 17:00etan herritarren arteko mus txapelketa antolatuko da. Gauean, Gabanera musika taldearen emanaldia izango da.

Asteartean, abuztuaren 15ean, izango da jai egun nagusia, Ama Birjinaren egunean. Goizeko 7:00etan txistulariek diana joko dute eta ondoren, 11:00etan, Meza Nagusia ospatuko da elizan. Eguerdian, herriko haurrek dantza emanaldia eskainiko dute eta ondoren Axeri-dantza eskainiko da.

Arratsaldeko 18:30ean bertsolari-jaialdia izango da Aitor Mendiluze, Agin Laburu eta Unai Agirrerekin. Gaueko 22:30ean, Sagartu kale-ikuskizun berria eskainiko dute Oinkari eta Hika taldeek, eta jarraian, Hesian taldearen kontzertua hasiko da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos