Etxezarreta ekoizpen eta ekimen gune bihurtzeko proiektua aurkeztuta

Zelai Amenabarro alkatea, Mariano Garmendia zinegotzia, Itsaso Otamendi arkitektoa, eta GAC Arkitektura bulegoko Ibone Jauregi eta Ezekiel Collantes. /  NÚÑEZ
Zelai Amenabarro alkatea, Mariano Garmendia zinegotzia, Itsaso Otamendi arkitektoa, eta GAC Arkitektura bulegoko Ibone Jauregi eta Ezekiel Collantes. / NÚÑEZ

Udalak Aldundiari proiektua aurkeztu dio eta bere erantzunaren zain dago paper-fabrikaren etorkizuna zehazten hasteko

NÚÑEZ LEGORRETA.

Duela urtebete, Docomomo erakundeak Echezarreta paper-fabrikaren bulego eraikinaren balio arkitektonikoa eta estetikoa aitortu zuenean aurreratu bezala, Legorretako Udala paper-fabrikari beste erabilpen bat emateko lanean dihardu. Eibarko GAC Arkitektura bulegoak eraikina biziberritzeko prestatu duen proiektua aurkeztu zuen pasa den ostiralean herritarren aurrean, Zelai Amenabarro alkatearen eta Mariano Garmendia zinegotziaren parte hartzearekin.

Lehenengo Irati Otamendi arkitektoak Echezarreta paper-fabrikak herrian eta eskualdean izan zuen balio eta eragina azpimarratu zuen, bere historia errepasatuz. Otamendik paper-fabrikaren inguruan egin zuen ikasketa amaierako proiektua eta Legorretako udaletxean jasotzen diren argazki eta dokumentu ugari aztertu eta aurkeztu zituen bere balio historikoa eta arkitektonikoa ezagutzera emateko, «ez da fabrika bat bakarrik, baizik eta inguruan izan duen eragina paisaian, ekonomian, familietan, eta abar», argitu zuen.

Honela, eraikinaren berrerabilpena bere esanetan «ez da bakarrik ondorengoek hori ezagutu dezaten, baizik eta herria egiten jarraitzeko».

Honen ildotik, GAC Arkitektura bulegoko Ibone Jauregik eta Ezekiel Collantesek azaldu zuten «izan dezakeen balio arkitektonikoaren, historikoaren eta sinbolikoaz haratago, ondarea zerbait bizia da. Gure ikuspegia positiboagoa da, eraikin bat dago erabilpen bat izan dezakeena», proiektuaren nondik norakoak ezagutzera eman aurretik.

Izan ere, Jauregik, Collantesek eta Itsaso Goñi lankideak eraikina ikusi zutenean «izutu» egin ziren ere bere egoera nolakoa zen ikusita, proiektuari heltzeko Goiekirekin elkarlanean aritu dira eta herritarren artean galdeketak egin dituzte herrian nabaritzen dituzten gabeziak jakiteko.

Oria ibaiaren ondoan dagoen Echezarreta paper-fabrikaren eraikinean oinarritu da proiektua. Egun Gipuzkoako Foru Aldundiarena da zati horren jabetza eta Udalak Aldundiari aurkeztu dio proiektua eta bere erantzunaren zain daude eraikinaren etorkizuna zehazten hasteko. Aurkeztu zuten proiektua eskualdean oinarritua dago, enpresa mundua eta gizartea lotzeko ideiarekin. Honela, ekoizpen, aisialdi, sormen eta ekimen gune gisa planteatu dute Echezarreta, enpresa mundua eta gizartea lotzeko balioko duena.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos