Etxegune zerbitzua jarri du martxan Atzegik Loperdi Berri etxean

Etxeguneko erabiltzaileak Maite Peña, Mitxel Lakunza, Markel Olano eta Bakarne Otegirekin. / YARZA
Etxeguneko erabiltzaileak Maite Peña, Mitxel Lakunza, Markel Olano eta Bakarne Otegirekin. / YARZA

Egun, bederatzi erabiltzaile ditu eguneko zentroak baina hamabi plaza dira guztira

YARZA IKAZTEGIETA.

Ikaztegietako Loperdi Berri etxean duela 40 urte hasi zen lanean Atzegi, ezgaitasun intelektuala duten pertsonen elkartea, eta atzo Etxegune eguneko zentro zerbitzu berria aurkeztu zuten bertan. Zerbitzua joan zen azaroan jarri zen martxan Loperdi Berri etxearen beheko solairuan.

Egun, bederatzi erabiltzaile ditu eguneko zentroak baina hamabi plaza dira guztira, apiriletik aurrera betetzea aurreikusten dena. Gainera, ezgaitasun intelektuala duten hogeita lau pertsona bizi dira etxean, goiko hiru solairuetan dauden beste hainbeste etxebizitzetan.

«Guretzat harro sentitzeko eguna da», adierazi zuen Mitxel Lakunza Atzegiko zuzendariak egindako lanen ondorioa erakutsiz: «Erabiltzaileak ere bizitzan aurrera doaz eta batzuei jubilatzeko ordua ere iritsi zaie, eta hemen bizitzeko aukera dute baita behar bezala zainduak egotekoa ere».

Lakunzarekin batera, Markel Olano Diputatu Nagusiak, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak eta Bakarne Otegi Ikaztegietako alkateak parte hartu zuten, egindako lanak bertatik bertara ezagutzeko.

«Ezgaitasuna duten pertsonen kolektiboak garapen handia izan du azken hamarkadatan. Erabiltzaileak zahartzen joan dira eta zaintzaileak desagertzen joan dira. Zerbitzu honekin beraiek behar duten arreta hobetzen da eta aurrerapausoa izango da erabiltzaileentzat», azaldu zuen Peñak. Zentroa goizeko bederatzietatik arratsaldeko bostetara irekitzen da egunero eta erabiltzaileek hiru langileen laguntza dute, begirale bat, etxekoandre bat sukaldean laguntzen diena eta zerbitzuaren arduraduna.

Juanjo eta Imanol bertako erabiltzaileetako bik egindako lanen egokitasuna gogoratu zuten, lehen beheko solairua ezin zutelako behar bezainbeste erabili, ezta kanpoaldeko zelaia ere, guztiz aldapatsua zelako. « Kartetan, paseoan, tokan, eta abar aritzen gara, eta irteerak ere egiten ditugu», zioen Juanjok. Gainera, sukaldean ere aritzen dira eta atzo aurkezpenaren ondoren Foru Aldundiko zein hedabideetako ordezkariei eskainitako hamaiketakoa ere beraiek prestatu zuten: bizkotxoa, pastak, patata tortilla eta txorizo egosi pintxoak.

Izan ere, Loperdi Berri etxeak lau hamarkada daramatza zaintza bereziak behar dituzten eta zaintzailerik ez duten erabiltzaileen etxe izaten. Orduan etxearen jabea zen familiak bere erabilera eskaini zion Atzegiri. 2016an, beste familia baten dohaintza ekonomikoari esker etxea erosi ahal izan zuten eta zaharberritze lanei hasiera eman.

Lan handia zaharberritzen

Beheko solairua bere osotasunean zaharberritu da egongela eta sukaldea egokituz. Lehen solairuan kanpoaldera dagoen begiratokia beherantz ixteko aprobetxatu da, beiratez itxitako egongela berria sortuz. Kanpoaldean, malda kendu eta lorategi txiki bat egokitu da eta mugikortasun arazoak dituztenentzako ibilgailuarekin bertaraino iristeko sarrera egin da. Lanek 520.000 euroko aurrekontua izan dute, erdia Foru Aldundiak ordaindu duena. Horrez gain, Atzegirekin akordioa sinatu du Etxegune zerbitzua kudeatzeko, Foru Aldundiak diruz lagunduko duena. Markel Olanok azpimarratu zuenez, aurten «43.593.932 euro bideratuko dira ezgaitasuna duten pertsonentzako gizarte zerbitzuen sareari eusteko eta sendotzeko», aurreko urtean baino ehuneko bost gehiago. Guztira 1.535 plaza daude Gipuzkoa, 847 plaza egoitza eta etxebizitzakoak eta beste 688 eguneko zentroetan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos