Eskaintza berriak Musika eskolan

Hirugarren adinekoen tailerra, musika eskolan./
Hirugarren adinekoen tailerra, musika eskolan.

Ohiko moduluez gain hirugarren adinerako tailerrak, musikoterapia eta hezkuntza goiztiarra eskainiko dira aurten

DV LAZKAO.

Lazkao Txiki Musika Eskola lazkaotarrak bere eskaintza zabaldu du 2017/2018 ikasturterako. Honela, hirugarren adinarentzat tailerrak, musikoterapia eta hezkuntza goiztiarra ematen hasi da, lazkaotar guztiei zuzenduta.

Musikoterapia, melodia ezberdinek gure gorputzean sortzen dituzten sentsazioez baliatuz, musikaren bitartez osasun arazoak sahiesteko erabiltzen den teknika terapeutikoa da. Musika eskolako arduradunen arabera, horrelako teknikak geroz eta erabiliagoak dira hirugarren adineko pertsonekin eta baita behar bereziak dituzten haur eta helduekin. Horregatik, «denok musikaz gozatzeko eskubidea dugulako, eskola hauek sendotu nahi ditugu hurrengo kurtsora begira; edozein herritarri zuzenduta eta Lazkaoko Gerontologikoan dauden pazienteak ere kontutan hartuz, noski», azaltzen dute.

Bestalde, garapen fisiko, kognitibo, emozional eta soziala zabaltzeko estimuluak lantzen dituzten saioak eskaintzen ditu hezkuntza goiztiarrak. Familian burutzen dira eta «sormena eta irudimena lantzen dira aldi berean; kultura eta estilo ezberdinetako kantak abestuaz, pultsu musikala landuaz, dantza eginaz edo perkusio instrumentuak joaz. Besteei entzun eta errespetatuaz baina, batez ere, musika eginaz», musika eskolan dioten moduan.

Azkenik, denok dugu gustoko musika entzutea eta musika dantzatzea, eta gure bizitzako hainbat bizipen gogorarazten dizkigu honek. Hala izanik, hirugarren adinekoekin musika eskolan egiten diren tailerrek, «bizipen oroimen horiek ekartzeko gaitasuna daukate, eta hauek aitzakitzat hartuta, musika eta mugimenduaren bidez, psikomotrizitatea, sozializazioa, memoria edo atentzioa lantzeko aukera ematen dute; batez ere, besteekin konpartitutako momentu atseginen bidez».

Ikasturtea martxan dago jadanik baina musika eskolatik gogorarazi nahi dute ikasgelak irekita daudela oraindik parte hartu nahi duten guztientzat. Izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko musika eskolarekin harremanetan jarri daiteke, 943 08 68 69 telefonora deituz edo bulegora gerturatuz, astelehenetik ostegunera 12:30etik 18:00etara eta ostiralean 10:00etatik 13:00etara.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos