Erregionalek Trintxerperen aurka jokatuko dute kopako final laurdenetan igandean

GOIKOETXEA ALEGIA.

Intxurreko futbolarien denboraldia ari da pixkanaka amaierara iristen. Lau taldek iragan asteburuan jokatu zituzten sasoi honetako azken neurketak baina besteek oraindik lehian jarraitzen dute. Azpimarratzekoak dira erregionalek eta gizonezko jubenilek asteburuan beraien multzoetako liderren aurka lortutako garaipenak. Erregionalek 9 eta 0 irabazi zuten Elgoibarren aurka. Garaipen horrekin bigarren postuan amaitu dute kopako lehen fasea eta final laurdenetarako sailkatu dira. Igandean 16:00etan jokatuko dute kanporaketa hori etxean Trintxerperen aurka. Jubenil mutilek berriz, 5 eta 1 irabazi zioten Ekintzari. Laugarrenak dira eta hurrengo partida Orereta Kafearen zelaian jokatuko dute larunbatean 13:00ean. Maila bereko neskek 0 eta 3 galdu zuten kopan Aloña Mendiren aurka. Bederatzigarren jarraitzen dute eta azken hiru partidak geratzen zaizkie. Hurrengoa Goierri Gorriri egin beharreko bisita izango da, igandean 16:00etan Lazkaon. Jada lanak amaituta direnak kadeteak eta Aralar Intxurreko infantil mailako hiru taldeak dira. Kadeteek Tolosan 4 eta 2 galduta agurtu dute denboraldia, kopako multzoan laugarren geratuz. Aralar Intxurreko neskek hirugarren amaitu dute beraien multzoan. Azken partida 2 eta 1 irabazi zuten Danenaren aurka. Mutiletan, kopa jokatu duen taldeak 3 eta 1 irabazi zion Tolosari azken neurketa. Bosgarren geratu dira kopako multzoan hamar punturekin. Azkenik, txapeldunen fasean aritu direnek 0 eta 2 galdu zuten Amaikak Baten aurka. Hauek ere bosgarren geratu dira, kasu honetan sei punturekin. Intxurre taldeak hilaren 26an egingo du denboraldi amaierako festa plazan.

Lekeitio eta Gernikara

Alegiako jubilatuek irteera berri bat antolatu dute hilaren 30erako Lekeitio eta Gernika bisitatzeko. Goizeko 9:00etan abiatuko dira autobusez zubitik eta Amorebietan gosaria izango dute. Ondoren, Lekeitiora joan eta kostaldeko herri hori bisitatzeko aukera emango zaie. Eguerdian Gernikara joan eta bertako Boliña Viejo jatetxean bazkalduko dute, ondoko menuarekin: entsalada mistoa, askotariko frijituak, piper berdeak, bakailaoa salsan, postrea eta kafea. Bazkalostean Gernika ezagutzeko denbora izango dute irteeran parte hartzen dutenek. Izena emateko epea datorren astelehena zabalduko da. Jubilatuen egoitzan bertan eman beharko da izena eta lekua amaitu bitartean egongo dira salgai. Hilaren 14ean eta 15ean bazkideek izango dute lehentasuna. Txartelen prezioa 30 eurokoa izango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos