Eneko Agirrezabalek denboraldi bikaina burutu du

Eneko Agirrezabal Espainiako federazioen txapelketan Euskadirekin.
Eneko Agirrezabal Espainiako federazioen txapelketan Euskadirekin.

Atleta segurarrak hainbat lasterketa irabazi ditu eta Behobia-San Sebastian proban zazpigarren sailkatu zen, lehen gipuzkoarra izanik

A. ETXEBERRIA SEGURA.

Eneko Agirrezabal herritar korrikalariak denboraldi bikaina burutu du. Ordiziako Txindoki taldea ordezkatu du beste urte batez eta gainera elkarteko presidentea ere bada egun. Behobia-Donostian lasterketa primerakoa eginez hasi zuen, 1h03:20 denborarekin. Sailkapen orokorrean zazpigarrena, lehen gipuzkoarrari eskaintzen zaion Diego Garcia saria eskuratu eta euskaldunen artean ere bigarrena izan zen.

Garaipena lortu zuen baita ere Lasarte-Oriako herri krosean eta Ordiziako San Silbestrean, eta Donostiako hondartzetakoan hirugarren sailkatu zen. Gipuzkoako Kros Txapelketa bosgarren aldiz irabazi zuen eta Berlingo maratoi erdia egin zuen gero. Pistako emaitzak ez dira okerragoak izan; Euskadiko Txapelketa irabazi du 5.000 metroetan, bere markarik onena eginda, 14 minutu 13 segundo. Espainiako federazioen arteko txapelketan, Ciudad Realen, ezin izan zuen denbora hau hobetu eta 5. sailkatu zen, 14:56 denborarekin. Euskadiko elkarteen arteko txapelketan 3.000 metroko proba ere irabazi zuen.

Espainiako Txapelketea

Denboraldia amaitzeko Espainiako Txapelketa falta zaio, Santanderren egingo dena, baina berak ez daki oraindik joango den. Enekok esan digunez, «oso gustura nago egin dudan denboraldiarekin, bai krosean, maratoi erdian zein pistan ondo ibili naizelako. Pistan, 5.000 metroetan egin dudan denbora oso ona da niretzat, baina estatu mailan korrikalari oso onak daude eta Espainiako Txapelketarako gutxiengotik 8 segundora geratu naiz. Espainiako federazioaren rankinean 18. nago eta seguroenea gonbidatuko naute txapelketara, baina ez dakit joango naizen. Hurrengo urtera begira, aurtengo asmo berdintsuak ditu. Krosak eta pista egingo ditut eta maratoi erdiren bat».

Fotos

Vídeos