Elkartasun azoka jendetsua

Lurdes Amenabarrok irabazi zuen saskia/
Lurdes Amenabarrok irabazi zuen saskia

NÚÑEZ LEGORRETA.

Udal pilotalekua elkartasun gune izan zen atzo goizean bertan antolatu zen Elkartasun azokaren baitan. Lortutako dirua Legorretatik Mundura GKEak Hondurasen duen 'La Nora' proiektura bideratuko da. Erdigunean, ohikoa den bezala haurrentzako bigarren eskuko jostailuak eta panpinak kokatu ziren, etxeko txikienen gozamenerako, eta frontoi inguruan herriko zen Gobernuz kanpoko erakundeen postuetan mota ezberdinetako produktuak erosi ahal izan ziren.

Calcuta Ondoan, Fiare banka etikoa, Hegalak, Activo por un Mundo Solidario (ASM), Bidezko Merkataritza elkarteen postuetan arropa, bitxiak, elikadura produktuak, eta abar erosi ahal izan ziren, aurpegia margotzeko aukera ere izan zen.

Herriko elkarte eta komertzioek ere lagundu zuten. Legorretako adin txikikoen zentroak pintxoen salmenta kudeatu zuen, besteak beste herritarrek egindako txorizo egosi, salda eta Aldaieta elkarteko kideek egindako tortillak saltzen. Irrintzi Alai dantza taldeko kideek urteko argazkiekin osatutako 2018ko egutegiak saldu zituzten.

Era berean, janari bilketa egin zen goiz guztian. Bertara gerturatu zirenek zenbat kilo elikagai lortu ziren apustu egin ahal izan zuten. Produktu ezberdinez osatutako saskia ere zozkatu zen zenbakiak erosi zituztenen artean. Irabazleak Patxi Goia eta Lurdes Amenabarro izan ziren, hurrenez hurren. Amaieran enkantea egin zen eta bertaratuek besteak beste patinen edota Errealeko produktuen gainean ahalegindu ziren.

Gaur Olentzeroren etorrera

Gaur Gabon bezpera herritarrak kantuan aterako dira. Goizeko 10:00etan Gaztetxeko kideak hasiko dira kantuan eta 10:30ean Ugaro eskolako ikasleak eta irakasleak. Herriko kaleetan ariko dira kantu eskean. Elekun abesbatza 12:30ean aterako da kantuan. Arratsaldean Olentzeroren etorrera espero da 17:30etarako. Elizan egingo zaio harrera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos