Elkartasun Astea, hilaren 22a arte

Argazki erakusketa eta bidezko merkataritzako produktu eta eskulanen salmenta izango da aste osoan zehar. /  DV
Argazki erakusketa eta bidezko merkataritzako produktu eta eskulanen salmenta izango da aste osoan zehar. / DV

'Ruanda: egunerokoaren argazkia' erakusketa, 'La reina de Katwe' filmaren emanaldia edo ikastolako ikasleek atzo eskainitako jaialdiak osatuko dute egitaraua, besteak beste Rwanda taldeak eta San Benito ikastolak antolatu dute Udalaren laguntzaz

DV LAZKAO.

'Hirugarren mundua ezagutzen. Beste mundu bat posible da' lelopean, hainbat ekintza antolatu dituzte gabonen atarian Lazkaoko Rwanda taldeak eta San Benito ikastolak, abenduaren 22ra bitartean ospatuko den Elkartasun Astean. Hemeritzigarren urtez burutuko den ekimen honek helburu bikoitza duela esan daiteke: alde batetik 'hirugarren' mundua ezagutzera ematekoa -dituzten arazoak, ematen dituzten erantzun eta borrokak...- eta bestetik Ruandako Gihara herrixkan 2000 urtetik martxan den Rwandarwejo proiektuarekin jarraitzeko dirua biltzearena. Antolatzaileek dioten modura beste mundu hobe baten alde, eta hau posible dela erakutsi nahian gauzatzen den egitasmoa da, gure artean kontzientziak ikutu eta aldaketaren bat sortzeko asmoarekin.

Lazkaoko Rwanda Elkarteak urteak darama herrialde afrikarrean elkartasunezko jarduerak burutzen; 1995an Leonardo Esnaola misiolari lazkaotarraren eskutik Giharako biztanleen egoera ezagutu zutenetik. 1999an, gaztetxoen egoeraz arduraturik bisitan joan zitzaizkion Miren Ormazabal eta Txomin Barandiarani planteatu zien Esnaolak ikas-txoko bat sortzeko asmoa, eta ordutik lanean jardun du gutxinaka haunditzen joan den Lazkaoko Rwanda taldeak. Honela, 2000. urtean martxan jarri zen egitasmoak aurrera egin du zailtasun guztien gainetik, Lazkaoko herritarren eta Olaberri eta Lazkaoko Udalen laguntzaz.

Rwandarwejo egitasmo honen helburu nagusia eskolaratu gabeko 10 eta 18 urte bitarteko 70 bat haur eta gaztetxo bildu, gutxienezko hezkuntza bat eman eta zeregin bat jartzea da, egun osoa kalean pasa ez dezaten, eta horretarako, ikas-txokoa gune berri batez hornitzeko beharra dute orain. Helburu horretara bideratuko dute aurtengo elkartasun astean bildutako dirua.

Elkartasun egitaraua

Herenegun hasi eta abenduaren 22an amaituko den elkartasun asterako prestatutako egitarauan argazki erakusketa dago batetik, 'Rwanda: egunerokoaren argazkia' izenburupean. Kultur etxeko erakusketa aretoan egongo da ikusgai, 17:00etatik 19:00etara astean zehar, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara larunbatean eta 11:00etatik 13:00etara igandean. Aste guztian zehar, bidezko merkataritzako produktu eta eskulanen salmenta egongo da gainera, argazkiekin batera.

Felix Alonso taldekideak, Giharara egin berri duen bidaieko irudiek osatzen dute erakusketa eta ohiko bizimoduan, egunerokotasunean, egiten dituzten jarduerak nola garatzen dituzten islatzen dute. Herenegun aurkeztu zuen, Alonsok berak, baina beste bi lazkaotarren laguntza ere izan zuen Elkartasun Astearen irekieran: Eider Saez eta Jessica Cantero. Cantero Kenian izan zen iaz, Udalak emandako elkartasun bekari esker, eta Etiopiara bidaiatu du oraingoan, Ambessa erakundearekin lankidetzan jarduteko. Saez, berriz, Indonesian izan zen abuztuan, Tumaini erakundearen lankidetza programa batetan parte hartzen. Hirurak, biztako esperien-tziei buruz jardun ziren erakusketa aretora hurbildu zirenekin.

Baina erakusketaz gain, asteartean ipuin kontaketa saioa ere izango da erakusketa aretoan, euskaraz. 17:30ean hasiko da haurrentzako 'Heldu eskutik' kontakizuna, Dorleta Kortazarrekin. Gainera, asteazkenean, 'La reina de Katwe' filmaren emanaldia izango da Arerian, 21:30ean. Ugandako nekazal guneetako neska baten benetako historia unkigarrian oinarritutako pelikula da; xake jokua ezagutzen duenean, mundua guztiz aldatzen zaiona. Bere familia eta komunitateak emandako babesari esker, nazioarteko xake jokalari izatea lortuko du.

Bestalde, San Benito ikastolako ikasleek, elkartasun jaialdia ere antolatu dute urtero moduan. Atzo ospatu zuten, ostiralarekin, eta musika, dantza, antzerki... denetarik izan zen Areria aretoan, adiskide ruandarrei laguntzeko dirua bildu asmoz. Asteburuan, gainera, jostailuen salmenta solidarioa burutuko dute baita ere plazako pilotalekuan, Euskal liburu eta disko azoka bertan dagoeka aprobetxatuz. Bigarren eskuko jostailu eta liburuak salduko dituzte eta jaialdian, azokan eta gabonetako kantaldian lortutako dirua, Rwandarwejo proiektura bideratuko duete, baita aurtengoan ere.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos