Eliza eta hilerriaren mugak zehaztu dituzte Sanpedroburun

Iosu Etxezarraga Erdi Aroaren amaieran erantsitako pareta erakutsiz. / ARGAZKIAK NÚÑEZ

Aurreko urteetan elizaren inguruko hilerrian aritu baziren, aurten helburua elizaren azalera ezagutzea izan da

NÚÑEZ BIDANIA-GOIATZ.

Zazpigarren urtez Iosu Etxezarragak zuzendutako lantaldea Iromendiko Sanpedroburuko aztarnategian aritu da lanean. Aurreko urteetan elizaren inguruko hilerrian aritu baziren, aurten helburua «elizaren azalera ezagutzea izan da», dio Etxezarragak.

Horretarako, azalera banatuta daukaten koadroetako hiru industu ditu lantaldeak. Bertan, XIV. mendeko elizaren burualdearen segidan, XIX. mendean eraitsia izan zen elizaren burualdea aurkitu dute. «Erlaitza topatu dugu. Gotiko amaieran, Erdi Aroaren bukaeran, oso arrunta zen moduan dago eraikia: harlanduzko bi horma mehe egiten zituzten eta erdialdea kareharriz, harriz, teilaz, eta abar betetzen zuten. Eraikin ez hain garrantzitsuetan, dirurik ez zutenean horrela egiten zuten», azaltzen du.

Etxezarragaren bigarren helburua elizen azalera zein den jakitea zen, «inguruan egon zitekeen herrixkako eraikinak hortik kanpoan egongo lirateke». Horretarako, metro karratu bateko zortzi kata egin dituzte, baita helburua bete ere. «Alde batean haurren bi hilobi aurkitu dugu, baita bainuontzi formako hilobi baten taparen ertz bat. Azken elizaren hegoaldeko hormatik ez da ezer geratzen. Elola auzora mugitu zutenean harri guztiak eraman zituzten, baina atzo goizean kata batean ezagutzen genuen ertzaren diagonalean dagoen ertza topatu genuen, ipar ekialdekoa. Kalkulatu dugu 10x13 metro zituela gutxi gorabehera, nahiko handia zen», adierazten du.

Bestalde, katen emaitzek datorren urterako helburu berriak planteatzera eraman du, «agian lantalde handiagoa lortu eta hilerri guztia aldi berean industu genezake».

Erromatar zeramika

Lehengo urteko azken egunetan erromatar garaiko zeramika zati bat aurkitu zuten hilobi baten barruan, aztarna deigarria VIII. eta XIX. mendeen artean mugitzen den aztarnategi batean. Aurten ere, kata batean beste zati bat agertu da. «Tontor batean gaude eta horrek esan nahi du jatorria inguruan egon beharko lukeela. Aurten topatu dugun erromatar garaiko zeramika beste mota batekoa da. Hori ona da, beste on-tzi batekoa dela adierazten duelako. Ziur aski ez ziren hemen bertan egongo, baina bai inguruan. Agian aztarnategi honek pentsatzen genuena baina bizitza gehiago du», dio.

Orain, bi garaien arteko tartea betetzeko datuak falta zaizkie. «Erromatar garaia eta VIII. mendea, falta zaigu tarte hori betetzea. Eliza badakigu geroago egin zela baina etxebizitzak, beraien asentamendua topatzen dugunean agian hor hurrenkera osoa topatuko genuke. Helburua hori da».

Fotos

Vídeos