Ekitaldiz beteriko asteburua Euskararen Eguna ospatzeko

Iñaki Murua, erdian. /  F. GÓMEZ
Iñaki Murua, erdian. / F. GÓMEZ

A. BAZTARRIKA GABIRIA.

Datorren igandean euskararen nazioarteko eguna ospatuko dela eta Gabirian asteburu guztirako plangintza ederra antolatu da. Euskara bultzatzeko asmoz, euskararekin eta euskaraz gozatzea baino ezer hoberik ez dagoelako, eta horrela baliteke, norbait bederen hiru egun horietan behintzat kontziente izatea bere garrantziaz.

Hala, ekitaldiak abenduaren 1ean hasiko dira. Arratsaldeko 19:00etan Mikel Laboari buruzko dokumental bat egongo da ikusgai Kultur Etxean, zendu zeneko 9. urte hurrenean hain zuzen. Gauean, dokumentala amaitu eta pixka bat berotzeko astia utzita, 21:30ean Osinalde elkartean Aitor Furundarenak gidaturik kantu afaria egongo da.

Larunbata

Hurrengo egunean, larunbata, elizako saloian, Balentzategi herri eskolako ikasleek arratsaldeko 17:00etatik aurrera, 'Nolega', euskara bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren programa, barneko emanaldia egingo dute, ziklo bakoitzeko ikasleek gai ezberdinen inguruan beraiek prestaturiko zerbait eskainiko dute abesti, antzerki, bertso eta koreografiaz betea.

Igandea

Igandean, bertso bazkaria egingo da Ostatuan herriko bertsolariekin (Iñaki Murua, Gorka Maiz eta Aratz Igartzabal 'Potto') eta trikitilariekin girotua. Bazkal ostean, mural lehiaketako bozkak kontatuko dira eta gehien jasotakoari saria emango zaio. Izan ere, ostiral arratsaldetik aurrera mural lehiaketako parte hartzaileen lanak Kultur Etxean ikusgai egongo dira bertatik pasatzen direnek bozka ditzaten. Bozka gehien jasotzen dituen murala udaberrirako egingo da eta egileak sari eder bat jasoko du.

Asteburuari amaiera, arratsaldeko 19:00etan hasiko den herritarrez osaturiko Terra Incognita musika taldeak emango dio.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos