Eguraldia lagun, festa bikaina Lazkaomendin

Primerako eguraldiarekin, talde polita osatu zen Lazkaoko plazatik Itxurrenera egin zen ibilaldi neurtuan parte-hartzeko. / ARGAZKIAK ALARCIA
Primerako eguraldiarekin, talde polita osatu zen Lazkaoko plazatik Itxurrenera egin zen ibilaldi neurtuan parte-hartzeko. / ARGAZKIAK ALARCIA

Pailazoekin, trikitilariekin, jolasean zein dantzan ospatu dituzte San Prudentzio jaiak Lazkaomendin, asteburuan

A. ALARCIA LAZKAO.

Apirilaren 20an piztu zuten lazkaotarrek San Prudentzioen suziria udaletxeko balkoitik eta maiatzak 1 arte festa giroa izan zen nagusi herriko kaleetan. Asteburuan Lazkaomendik hartu du ordea lekukoa eta festarekin jarraituz agurtu dituzte San Prudentzioak lazkaotarrek, datorren urterarte.

Mus txapelketa, puzgarriak, pailazoak edo buruhaundi eta erromeria izan ziren larunbat arratsaldean Pipasen eta iluntzean, afari herrikoiaren ondoren, trikitilariekin dan-tzan bukatu zuten eguna Lazkaomendira hurbildu zirenek. Igandean, berriz, ibilaldi neurtua Lazkaoko plazatik Itxurrenera, haur jolasak, erromeria eta meza nagusia ermitan. Bazkal ondoren herri kirolak eta, eguna eta festak bukatzeko, Izer eta Alabier trikitilariak eta Iker Zubeldia eta Aitor Mendiluze bertsolarien saioa, Itxurrenen.

Txirrindularitza larunbatean

Larunbat arratsaldean Lazkaomendiko XLII. Txirrindulari proba ere lehiatu zen festen egitarau barnean. Junior mailako 101 txirrindularik parte hartu zuten aurtengoan. 16.00etan abiatu ziren Lazkaotik, Alegira bi joan etorri egin zituzten eta azken hamar kilometroetan Olaberrira (Ihurretik gora) eta Lazkaomendira igo ondoren, Gastronomia Baska/Avia/Liftra taldeko Jon Barrenetxea Golzarri nagusitu zen helmugan. 1:55:26ko denbora behar izan zuen lasterketako 80 kilometroak osatzeko. Aritz Urra lazkaotarra 59. postuan sailkatu zen, 3:42ra.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos