Eguraldia lagun Alkizako jaietan

Gaztetxoek emanaldi osoa eskaini zuten. Dantza berritzaileagoak ere eskaini zituzten herriko dantzariek.
Gaztetxoek emanaldi osoa eskaini zuten. Dantza berritzaileagoak ere eskaini zituzten herriko dantzariek. / NÚÑEZ

NÚÑEZ ALKIZA.

Giro ederrean ospatu zituzten atzo alkizarrek herriko jaiak. Goizean haurrek ederki pasa zuten apar-festan. Eguraldia lagun, haur ugari animatu ziren bainujantzia jantzi eta aparrarekin jolasean ibiltzera. Ondoren, helduentzako toka txapelketa antolatu zen. Hogeita hamar herritar inguruk parte hartu zuten eta azkenean, Miren Karmele Moreak irabazi zuen emakumezkoetan eta Julen Sorarrainek gizonezkoetan. Bigarren Lurdes Ugartemendia eta Xabier Gabirondo izan ziren.

Jubilatuek ere beren eguna ospatu zuten atzokoan eta Meza Nagusiaren ondoren bazkaria izan zuten Ostatu Jatetxean. Arratsaldean, dantza emanaldia eskaini zuten herriko gazteek plazan. Ikurrin dantza, banakoa, polka, zinta dantza, zazpi jauzi, agurra eta kalejirak eskaini zituzten, besteak beste, plaza bete zuten herritar eta lagunen aurrean.

Jarraian, sagardo dastaketa egin zen. Jendetza elkartu zen sagardo ezberdinak dastatzeko eta taloak jateko aukera ere egon zen.

Gaurko egitaraua

Gaur goizeko 9:00etan Jeronimo dultzaina taldeak diana joko du plazan. Ondoren, 10:30ean txirrindulari lasterketa antolatuko da haurrentzako plazan. 14:00etan barrikotea izango da plazan. Arratsaldean, 18:00etan disko-festa egingo da plazan. Gaueko 23:00etan herri kirol jaialdia egingo da aizkolari eta harri jasotzaileekin frontoian. Aitzol Atutxa, Luis Txapartegi, 'Arria V.'a, Jon Irazu, Donato Larretxea eta Iker Vicente aizkolariek eta Iruretagoiena familiako Jose Ramon 'Izeta II'ak, Hodei 'Izeta IV.'ak eta Jakes 'Izeta V'ak parte hartuko dute. Alkizan eskainiko duen azken erakustaldia izango da Jose Ramonentzat. Ondoren, erromeria izango da Trakets taldearen eskutik plazan.

Fotos

Vídeos