Lau lan desberdin egiteke udazkeneko auzolanean

Alegia eta Mandubiko garbiguneak margotuko dira. /  I.A.B.
Alegia eta Mandubiko garbiguneak margotuko dira. / I.A.B.

Gaur arratsaldeko 19:00etan egingo da bilera larunbaterako arduradunak, taldeak, eta materialak zehazteko

MIRYAM GALILEA ITSASO.

Udaberrian eta udazkenean izaten dira topaketak. Urtean bitan deialdia luzatu, elkartu, premian dauden zereginak bilatu eta auzolanean aritzen dira itsasoarrak. Hurrengo elkartzea datorren asteko larunbatean izango da, honetan lau lan oso desberdin burutuko direlarik.

Gaur arratsaldeko 19:00etan auzolana antolatzeko bilera aurrera eramango da, honetan larunbaterako arduradunak, taldeak eta materialen zerrendak egingo direlarik, besteak beste. Behin antolakuntza eginda, deialdia zabalduko zaie bizilagunei izena eman eta auzolanean parte hartu dezaten; izena ematea garrantzitsua da seguruak kontratatzeko eta afaria zenbatentzat prestatu behar den jakiteko.

Lanak

Itsason ospatu zen azken Herri Ba-tzarrean hitz egin zuten auzolanari buruz, orduan data zehaztu zelarik, hilaren 18a, arratsaldeko 14:30ean herriko plazan elkartuz. Asko izan ziren planteatutako lanak, guztien zerrenda osatu zelarik udaberriko auzolanean ere pentsatuz, eta azkenean lau izan dira egun honetarako aukeratutakoak.

Alegia eta Mandubiko garbiguneen margotzea izango da lehenengo lana, honetarako taldea osatuko delarik. Bestetik, Itsasoko San Bartolome elizaren azpiko aldea altxatu, aldapa mantendu baina gutxitu, eta hau txukundu egingo da egurrak jarriz eta loreak landatuz.

Hirugarren lanari dagokionez, «herribideekin hasiko gara, Epelde errekara doan bidea, Itsasotik Alegira dagoen bide zaharra. Aurrekoan herrian zehar egindako ibilaldia bertatik igaro zen eta benetan bide zoragarria da, baina garbitu beharra dago», azaltzen du Pilare Muxikak, Komunikazio Batzordetik.

«Talde bat bertara joango da, eta talde gehiago badaude (izena ematen dutenen arabera) Urbeltz parea txukuntzera joango gara ere, leku esanguratsu bat da, ur-sulfurosoa dago, erreka ondoko arkaitz batean putzu bat sortuz», dio.

Laugarren eta azken lana, lauzpabost lagunek osatutako taldeak egingo duena, Itsasoko artxibo historikoa Udaletxera eramaten jarraitzea izango da.

Fotos

Vídeos