Denentzako ekitaldiak sanmielen agurrean

Plazaraino kalejira egin zuen herensugeak jaiei amaiera emateko. Euriak ez zuen sagardo-dastaketa zapuztu. /  ARGAZKIAK NÚÑEZ
Plazaraino kalejira egin zuen herensugeak jaiei amaiera emateko. Euriak ez zuen sagardo-dastaketa zapuztu. / ARGAZKIAK NÚÑEZ

NÚÑEZ IRURA.

Sei eguneko jaien ondoren Irurako herritarrek igandean agurtu zituzten San Migel jaiak ekitaldiz beteriko egitarauarekin. Goizean moto frontoia haurrez eta gurasoz bete zen lehenengo txikienentzako antolatu zen Molto Grand Prix moto txikien lasterketan. Ondoren, euriari aurre eginez lasterkari ugarik, haurrek, gazteek zein helduek, parte hartu zuten Katategi industria-gunean antolatu zen patin-lasterketan. Gaztetxo guztiek sari bana eraman zuten opari. Helduen mailan, berriz, Ilazki Zalakain eta Nagore Montes izan ziren garaileak. Bigarren Josu Aldaz eta Leire Estanga izan ziren eta hirugarren Unai Perea eta Amaia Montes.

Arratsaldean, berriz, plaza herritar eta bisitariz bete zen sagardo dastaketarako. Guztira San Migel plazaren inguruan jarritako mahaietan hamar sagardotegietako edariak dastatu ahal izan zituzten bertaratutakoek, urtero bezala txorizo, gazte eta antxoilla pintxoez lagunduta.

Herensugearen erretze ekitaldiak jarri zion amaiera sagardo dastatzeari baita aurtengo jaiei ere. Herritarrek plazaraino eraman zuten herensugea eta, erdian kokatuta, su-artifizialak piztu ziren jaiak amaitzeko.

Datorren igandean, jubilatuek beren eguna dute. Eguerdian Meza Nagusia ospatuko da beren omenez elizan eta jarraian bazkaria izango dute Ametsa Trinketean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos