Dena prest San Inazio jaietarako Altzon

YARZA ALTZO.

Astebete barru emango zaie hasiera Altzon 2017ko San Inazio jaiei eta jai batzordeak egitaraua prest du bost eguneko jaiak ospatzeko. Ostiralean, uztailaren 28an, botako dute txupinazoa arratsaldeko 18:00etan. Ondoren, kartel lehiaketako sari-banaketa egingo da eta jarraian, ohikoa den bezala Artea dantza taldeko haurrek emanaldia eskainiko dute. Ondoren, bertso triki-poteoa izango da herri afariaren aurretik. Gauean, Autobus Magikoa eta DJ Bullen kontzertuek emango diote amaiera egunari.

Larunbatean, paella prestatzearekin hasiko da egitaraua eguerdian. Ondoren, bazkaria izango da. Gainera, Iraunkorrak txarangak goiz eta arratsaldez herriko kaleak alaituko ditu. Bazkalondoren, 15:30ean, plater haustea egingo da. 17:00etan kuadrillen arteko jokoak egingo dira. Ondoren, Zesuma taldearekin dantzaldia izango da. Tartean, sagardo dastaketa izango da.

Igandean, jubilatuentzako hamaiketakoa eskainiko da Batzarremuñon. Eguerdian txakolin dastaketa egingo da plazan eta aldi berean helduentzako toka txapelketa antolatuko da. Arratsaldean, pilota partiduak jokatuko dira 17:00etatik aurrera frontoi berrian. Jarraian, 19:30ean, joan den urtean hasitako tradizioari eutsiz dantza-soka eskainiko dute herritarrek plazan. Ondoren, zahagi-ardoa izango dute eta gauerdian, San Inazioren eresia dantzatuko dute. Oxabi taldearekin dantzaldiak emango dio amaiera egunari.

Astelehenean, uztailaren 31n, San Inazio eguna ospatuko dute herrian. Goizeko 9:00etan goiz-eresia izango da eta 10:00etan Meza Nagusia ospatuko da elizan eta 11:00etan haurrentzako toka txapelketa antolatuko da. Eguerdian herriko gazteen arteko lehia hasiko da. Bi taldeei laguntzen Joseba Otaegi eta Mikel Larrañaga aizkolariak eta Aimar Irigoien eta Mikel Lopetegi 'Urra' harri jasotzaileak arituko dira. Bazkalondoren, 17:45ean, buruhandiak aterako dira eta jarraian, Tio Teronen semeak taldeak emanaldia eskainiko du. Ondoren, Oreka TX taldearen kontzertua hasiko da. 22:30ean, bertso jaialdia izango da. Gauerdian Fan&Go taldearen dantzaldia hasiko da.

San Inazio jaiak asteartean amaituko dira. Goizeko 11:00etan haurrentzako jolasak antolatuko dira. Ondoren, hamaiketakoa eskainiko da parte hartzaileentzat. Bazkalondoren, puzgarriak izango dira plazan eta aldi berean mus txapelketa antolatuko da Elordi elkartean.

Arratsaldeko 18:00ean, Frontoi zahar berrituko XXI. Pelota Txapelketako finalak jokatuko dira. Iluntzeko 21:00etan zahagi-ardoa egingo da eta ondoren Artea eta Alurr taldeen dantza emanaldiak emango die amaiera jaiei.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos