Dena prest dute asteburuan Ugarteko jaiak ospatzeko

YARZA AMEZKETA.

Asteburu honetan ospatuko dira Ugarten Errosarioko Amaren jaiak. Ostiralean kanpai jotze eta suziriekin emango zaie hasiera jaiei 19:00etan eta jarraian bertso-poteoa egingo da Angel Mari Peñagarikanorekin eta Unai Mendizabalekin, afalordura arte. Ondoren, Izer eta Alabierrekin erromeria egongo da, eta atsedenaldian toka lehiaketa antolatuko da. Jarraian gaupaseroen arteko jolasak antolatuko dira, besteak beste, karretil karrera, bikrosa eta aulki jokoa. Goizaldera arte musika eta karaokea izango dira eta etxeratu aurretik txokolatada eta baratxuri-zopa banatuko dira.

Larunbatean Meza Nagusiarekin hasiko da egitaraua. Eguerdian gaztetxoen pilota partidak jokatuko dira eta ondoren haurrentzako puzgarriak eta jokoak izango dira, baita arratsaldean ere. Arratsaldean zaldian ibilalditxoak egiteko aukera egongo da. 16:00etan mus txapelketa hasiko da, ordu erdi lehenago irekiko dira izen emateak, eta ondoren txokolatada banatuko da elkarte aurrean. Iluntzeko 21:00etan zahagi-ardoa izango da eta 22:30etan Ansorregi eta Larrañagarekin erromeria hasiko da. Atsedenaldian koadrillen arteko soka tira desafioa antolatuko da eta goizaldera arte DJa eta karaokea izango dira. Goizaldean txokolatada eta baratxuri-zopa banatuko dira.

Igandean, urriaren 8an, 11:00etan Meza Nagusia ospatuko da elizan eta jarraian txakolin dastaketa izango da plazan pintxoekin lagunduta. Bazkaldu aurretik Lajaren trikiti saioa izango da. Arratsaldeko 18:00etan herri kirol erakustaldia izango da Jokin Eizmendi harri jasotzailearekin eta Ugaitz Mugerza eta Jon Irazu aizkolariekin. Ondoren, herritarrek ingurutxoa dantzatuko dute. Jarraian, sagardo dastaketa egingo da eta Lajaren trikitiarekin dantzaldiak emango dio amaiera jaiei.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos