Dena prest dago Leitzan hamahirugarren talo egunerako

Taloa eta txistorra dastatzeko aukera egongo da bihar. / DV
Taloa eta txistorra dastatzeko aukera egongo da bihar. / DV

Bihar, gastronomiaz, ohituraz eta herri kirolaz disfrutatzeko aukera paregabea izango da bertan

E.B. LEITZA.

Bihar Leitzako XIII. talo eguna izango da. Talogile ezberdinen postuak egongo dira, eta Saralegi eta Villabona talogileek hasiera emango diote festari goizeko 10:00etan, azoka irekiz. Gero, gure gastronomia tradizionalari lotutako jarduerak erakutsiko dira, taloarekin eta baserriarekin zerikusia duten erakusketak izango baitira; hala nola, artisautzarekin ere zerikusia duten postu ezberdinak aurkituko ditugu: gaztak, sagardoa, larrua, eztia, zuraren taila, bitxiak, gozogintza, etabar. Horrela, taloak protagonismoa izango badu ere, bertoko ekoizleek eta produktuek ere toki berezia izango dute, lehenengo sektorea eta eskulangintza goraipatuz eta aldarrikatuz. Honekin lotuta ere, urtero egiten den bezala, tresna zaharren eta baserriko lanetan ari-tzeko elementu tradizionalen erakusketa izango da

Lehiaketa

Goizeko 11:00etan Talo Lehiaketarako izena emateko zerrenda irekiko da. Aurtengoa, hain zuzen ere, lehiaketa honen bederatzigarren edizioa izango da, eta edozeinek parte har dezake eguerdiko 12:00ak baino lehen izena emanda. Eguerdiko 13:00etan epaileek dastatuko dituzte aurkeztutako taloak eta 13:30ean emango dute euren epaia, eta irabazleen sari banaketa izango da (klasifikatzen direnen lehenengo hiruentzako sariak egongo dira).

Pasa den urtean bezala, egun honetan dauden postu ezberdinetan kontsumitu dutenen artean artisau produktuen saskiaren zozketa ere izango da. Horretarako, erosi duten postu bakoitzean izena eman beharko dute eta horrela zozketan sartuko dira. Saria, azokako ekoizle eta artisauen produktuekin osatutako saskia izango da.

Irrintzi txapelketa

Aurten, hirugarren urtez jarraian, taloaren festa arratsaldean luzatuko da. Arratsaldean ere artisau postuak egongo dira 16:30etik aurrera. Taloak dastatzeko aukera ezin hobea, Saralegi taloen eta Villabona taloen eskutik. Tresna zaharren erakusketak ere hantxe jarraituko du.

Baina dudarik gabe, arratsalde horretan ikusmin handia sortuko duen ekitaldia Leitzaldeko I. Irrin-tzi Txapelketa izango da. Izena emateko epea goizean irekiko bada ere, arratsean helduko da irrintzalarien unea. Epaileek irrintziaren iraupena baloratzeaz gain, irrin-tzien beste ezaugarriak ere epaituko dituzte, besteak beste, indarra, doinua eta emandako amaiera. Kasu honetan ere hiru saridun izango dira. Jakina, irrintzia bota-tzeko ohitura eta iaiotasuna duten herritar horiek animatu nahi ditugu igande honetan Leitzara hurbildu daitezen eta lehiaketan parte har dezaten.

Plazaolako Maratoi Erdia

Bestalde, goizean goiz sumatuko da festa giroa Leitzan. 09:00etan ehundaka korrikalarik izango dute hitzordua herriko plazan eta, bertatik, Andoainerantz abiatuko dira 26 kilometroko lasterketa zoragarrian.

Hauek Lekunberritik etortzen diren korrikalariekin bat egingo dute Plazaolako Natur Bidean. Guztiek Andoaingo helmuga berbera badute ere, Lekunberrikoek berriz, 42 kilometroko distantzia (maratoia) egingo dute

Fotos

Vídeos