«Datorren urteari begira, auzotar gehiago hurbiltzea izango da erronka»

Emaitza oneko ikasturtea izan da aurtengoa. / UDALA

M.A. IBARRA.

Dagoeneko, hiru urte bete dira Ibarrako 'Auzoko' programa abian jarri zenetik, eta astean behin bildu dira hainbat jatorritako hamar parte hartzaile euskara ikasi eta herrian hobe gizarteratzeko; besteak beste, Argentina, Kuba, Maroko, Pakistan, Salamanca eta Sahara jatorrikoak elkartu ditu programak aurten.

Ibarraren errealitatea kultur aniztasunaren erakusle da, eta horren aurrean jarri zuten abian 'Auzoko' egitasmo parte hartzailea, berdintasunean oinarritutako bizikidetza eraiki eta herritarren arteko komunikazioa euskaraz izan zedin sustatzeko. Horrela, euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzeko parada dute, eta, era berean, herriko hizkuntza-aniztasunaz jabetzeko aukera ere ematen du programak, euskara izaki denak batzeko aitzakia.

Euskara irakasten dien Gixane Urrestarazu dinamizatzaileak dio 'Auzoko' bi profilek osatzen dutela, auzotarrek eta auzokideek. «Auzotarrak euskaraz bizi diren herritarrak dira, eta auzokideak euskarara gerturatu nahi dutenak. Herritar guztientzako irekia da eta bi profilak dira beharrezkoak taldea osatzeko orduan». Eta aurtengo ikasturteak emaitza onak lortu dituelakoan dago: «Parte hartzaileen kopurua ona izan da, eta herriko ekintzetan ere parte hartu dugu, esaterako, babarrun-jatean, Korrikan, 'Auzoko' dokumentalaren aurkezpenean...»

Datorren ikasturterako helburu nagusia da herritarrak programa honetara batzea, bai auzotarrak, eta bai auzokideak. Taldeko ateak zabalik ditu interesdunak, eta izena emateko udaletxera eta kultur etxera hurbiltzeaz gainera, dinamizatzailearekin harremanetan jartzeko aukera dago, 661745875 telefono zenbakira deituta, edo ibarrauzoko@gmail.com taldeko emailera idatzita.

Fotos

Vídeos